Ardi eta ahuntz gazta dastaketa egin dute Antzuolako Aitz Garbi tabernan

Antzuolako Pikunieta baserriak eta Itziarko Egixak ardi gazta eroan dute; Soraluzeko Egotza baserriak, aldiz, ahuntz gazta. Hain justu ere, Aitz Garbi tabernak hiru baserri horietako gazta erabiltzen du pintxoak egiterakoan, eta gaurko ekimenaren helburua zen bezeroek, gazta egileak, eta horien lana eta bizimodua ezagutzea.

Pikunieta baserriko Josebe Blancok azaldu du bi gazta desberdin eroan dituztela dastaketara; alegia, elaborazio desberdineko bi gazta: "Bat maiatzaren 1ean egindakoa eta bestea, uztailaren 31koa. Lehenengoa gazta ondua, eta bigarrena, gazta berria. Bi horien arteko desberdintasuna erakutsi gura genuen". Gainera, Iparraldean eta Biarnon egiten den errezeta batekin egindako gazta ere eraman dute tabernara. 6 kiloko gazta, hori.

"Pozik"

Pikunietako Josebe Blancok azaldu duenez, oso gustura eman dituzte azalpenak Aitz Garbi tabernan batu direnen aurrean. "Gu gustura ibili gara eta jendeak parte hartu du. Galdera asko egin dizkigute bai gaztaren inguruan eta baita baserriko bizimoduarekin lotutakoak ere". Eta hain zuzen ere, horixe zen egitasmoaren helburua. Alegia, gazta ekoizleak ezagutzea eta horiek, euren bizimoduaren gaineko xehetasunak herritarrekin konpartitzea. Izan ere, tabernak hiru baserri horietako gazta erabiltzen du pintxoetan-eta. Horrekin lotuta, Blancok honakoa adierazi du: "Aitz Garbin apustua egin dute bertako baserritarrekin lan egiteko eta hori polita da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.