Era berean, Antzuolako Herri Ikastetxeko Klaustroak hartutako erabakiari babes osoa eskaini nahi diola azpimarratu dute.
Hauxe EH Bilduk kaleratu duen oharra:
"Madrilen hartzen dira gure hezkuntzari dagozkion erabakirik inportanteenak eta ez dugu eskuduntza osorik. Madrilek helburu ideologiko eta politikoekin hezkuntzaren birzentralizazio prozesuari ekin zion LOMCEren aplikazioarekin. Lege inposatua, atzerakoia, espainol- doktrinatzailea eta erabat merkantilista da LOMCE. Hezkuntza komunitateak eskatu bezala, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu LOMCE eta honen aplikazio hutsa den Heziberri, bertan behera utz ditzatela eta hezkuntza komunitatearekin adosturiko hezkuntza sistema propioa garatu dezatela. Baita ere, aurrera eramaten ari diren murrizketa politikak etetea eskatzen dugu (lan-baldintzen okertzea, behin-behinekotasun onartezina areagotzea, lanpostuen murrizketa, lan-kargak handitu geletan ikasleak pilaketa...). Amesten dugun etorkizuna eraikitzen hasi ahal izateko, bertako beharrei egokitutako hezkuntza sistema indartsu bat behar dugu. Ezinbestekoa da. Hau honela, Urriak 26, asteazkena, goizeko 09:00tatik 10:00etara Antzuolako plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu antzuolar guztiak".