Koldo Madariaga: "Margotzen dudanean negar egiten dut"

Koldo Madariagak (Antzuola, 1933) betidanik izan du pintura, musika eta arterako zaletasuna. Gaztetatik gustatu izan zaio margotzea. Ez da inoiz pintura klaseetara joan; baina etxeko ganbaran emandako orduek uzta oparoa eman dute. Orain, herriari ganbaran daukan altxorra erakustera animatu da eta erakusketak eduki duen oihartzunaz hitz egin du.

Ezkutuan marraztu izan duzu beti.
Bai; ganbaran dut nire txokoa. Erakusketa herriarendako deskubrimendua izan dela diote. Askok ez zekiten margotu egiten nuenik. Baina, niretako, gozamena izan da. Musika entzunez margotzen dut. Bakarlariak gustatzen zaizkit: Lertxundi, Laboa… horiek entzutean, negarrez hasten naiz. Asko hunkitzen naiz.


Zer marraztea gustatzen zaizu?
Argazkietan edo aldizkarietan ikusten ditudan paisaiak. Lan koloretsuak egiten ditut.


Zenbat lan dituzu?
Auskalo! Erakusketan 53 bat lan ditugu. Baina etxean ia beste horrenbeste ditut. Lan asko, ordea, botata ditut. Hasieran ikatzarekin margotzen nuen eta erretratuak egiten nituen. Garbiketa egin genuen ganbaran eta bota egin genituen, pena!


Gaztetan ez zen horren erraza izango margotzeko materiala lortzea, ezta?
Markoak saltzen zituzten lekuetara joaten nintzen; Donostiara, esaterako. Beti nenbilen galdezka; zaila zen materiala lortzea. Olatan egiten nituen nire lehen lanak. Maristetan maisu batek laguntzen zidan. Baina nire kasa ikasi nuen.


Zergatik erabaki duzu orain erakusketa jartzea?
Etxekoek, lagunek eta Kultura teknikari Jone Larrañagak animatu ninduten. Egia esan, orain arte ez nuen intentziorik eta erreparoa ematen zidan; baina orain, pozten naiz animatu izanagatik. Margotzen jarraitzeko indarra eman dit erakusketak eta jendearen harrera ezin hobea izan da. Asko poztu nau, bene-benetan. Eskerrik asko denoi!


Zein artista duzu erreferente?
Joaquin Sorolla dut gustukoen. Hark erabiltzen duen kolorea eta paisaiak –emakumeak eta hondartza nagusiki– asko gustatzen zaizkit. Horregatik, gustukoen dudan lana  itsasertzean itsasontziaz jolasean dabilen neskatilarena da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.