Kaleatzegilzaleak kanpainaren aurkezpen ekitaldia egin dute gaur Antzuolan. Atzegi elkarteak bertan egitea erabaki du adimen desgaitasuna daukaten pertsonak era egokian tratatzen dituen herria delako.
Kanpainaren helburuak azaldu dituzte lehenik eta behin. Desgaitasun hau dutenen eguneroko bizitza errazten duten pertsona anonimoen lana aitortzea da xede nagusia. Irribarre bat jartzen dutenen, kaletik agurtzen dituztenen edo euren egoeragatik galdetzen duten herritarren lana azpimarratzea lortu nahi duen kanpaina da.
Jokin Antxia bozeramaileak adierazi du, Debagoienan 800 Kaleatzegizale daudela erregistratuta, baina errealitatean jarrera positiboak dituzten pertsonak askoz gehiago direla nabarmendu du.
"Kanpaina honen bidez, Atzegik, balioan jarri eta eskerrak eman nahi dizkie pertsona guzti hauei, adimen desgaitasuna duten pertsonak diren bezala onartzegatik, euren erritmoa eta izaera barneratuz. Era honetan, horrelako jarrerak orokortzea lortu nahi dugu" adierazi du Antxiak.
Argazkia: Kaleatzegizaleek markoarekin argazkiak atera dituzte.Gaur egindako ekitaldian, xedeak azaldu ondoren argazkiak atera dituzte bertara agertu diren Kaleatzegizaleekin. Horretarako marko berezi bat jarri dute, gaixotasun dutenek eta hauek laguntzen dituzten pertsonek argazkiak atera ditzaten. Ondoren argazki horiek sare sozialen bitartez zabalduko dituzte, sentsibilizazio kanpaina honek jendartean duen harrera ona plazaratzeko. Behin argazkiak aterata, jokoen txanda heldu da. Lauko taldeak osatu dituzte, adimen desgaitasuneko bi kiderekin eta beste bi Kaleatzegizalerekin. Zazpi joko egin dituzte guztira, batzuetan trebezian oinarrituz eta besteetan zorte hutsean. Talde guztiak gogor aritu dira nork irabaziko lehiatzen eta ondoren ekitaldiari amaiera emateko luntxa egin dute Antzuolako Eskolako kantxan bertan.