Altzarten etxebizitzak egiteko lehen urratsa abian da

Maider Arregi 2016ko urr. 5a, 15:00

Atzo, martitzena, urriko ohiko osoko bilkura egin zuten. Bertan, Altzarteko gunean hamaika etxebizitza eraikitzeko proposamenari argi berdea eman zitzaion. Orain hilabeteko epea dago alegazioak jartzeko.

Osoko bilkuran arau subsidiarioen aldaketaren gaineko proposamena onartua izan zen. Hau da, Altzarteko gunean hamaika etxebizitza egitea posible egingo duen hasierako onarpena abian da.  
Hala, hamabost eguneko epean alegaziorik ez balego, etxebizitzak egitearen asmoak argi berdea izango luke. "Berez bederatzi etxebizitza eraikitzeko berezko baimena dago lur-sail horretan; baina, orain sustatzaile batek hamaika etxebizitza eraikitzeko proposamena egin du. Horregatik, gune horretarako arauak onartu gura izan ditugu", azaldu zuen Beñardo Kortabarria alkateak.
Etxegintza arloan, Antzuolan  ez dela mugimendu askorik egon azken boladan azaldu du alkateak; eta modu horretan, inguruari beste buelta bat emango zaiola. "Proiektu hori gauzatuz gero, uste dugu Altzarte ingurua ondo ordenatuta geratuko dela", argitu du.


Zergak jaitsi
Bestalde, EH Bilduren botoekin, zergak jaistea onartu zuten. EAJk aldiz, bere desadostasuna azaldu zuen. "EH Bildu zergak jaisteren alde eta gu mantentzeko eskatzen; honek alderantzizko mundua ematen du. Udalak zorra dauka eta zor hori jaisteko zergen tasen beharra dauka", azaldu zuen Luis Jabier Telleria jeltzaleak. "Diputazioak jartzen du lurraren balioaren prezioa. Guk horren arabera egin dugu kalkulua. Eta aurten, Antzuolan, lur urbanoaren eta industrialaren balioa jaitsi egin da. Horren arabera, egin dugu kalkulua eta lurraren prezioa ezarri. Ez daukate zertan gehiago ordaindu", argitu du Antzuolako alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak