Pentsio duinen eta nagusien eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute

Maider Arregi 2016ko urr. 4a, 15:20

Atzo, astelehena, Landatxopek deituta elkarretaratzea egin zuten Herriko Plazan. 80 lagun inguruk nagusien eskubideak aldarrikatu zituzten; baita ere pentsio duinak.

"Bizitza duin bat eragozten duten pentsioa kobratzen dugu eta asko, familia ekonomikoki laguntzera behartuta dago", diote erretiratuek. Gaineratu dute nagusien aurkako diskriminazioa areagotzen ari dela, eta tamalez geroz eta tratu txar gehiago jasaten ari direla inguru hurbilean.

Ohar hau kaleratu dute:

"Egoera honen funtsean badago ideia bat: nagusiok jada ez dugu balio, traba egiten dugu. Zahartzea ez dago modan, bizitzaren helburua gazte izatea da. Telebistak esaten digu erosteko geroz eta gazteago egiten gaituen krema hori; edo bizkorrenak izateko kotxe hori, edo lirainak emateko arropa hori. Naturaren kontrako mezuak dira horiek, zeren eta zahartzea bizitzaren prozesu naturala da, eta bere ezaugarri propioak ditu. Eta guk prozesu horretaz disfrutatu egin nahi dugu. Gizartean gure lekua okupatu nahi dugu. Gure herriko bizitza sozial, kultural, ekonomiko eta politikoan modu aktibo eta solidarioan parte hartu nahi dugu. Pertsona nagusiok, gure lanari eta izan dugun parte hartzeari esker, belaunaldi ezberdinek disfrutatu duten ongizatea martxan jarri eta eutsi dugu. Eta, orain, era berean ordainduak izan nahi dugu, gure eskubideez gozatu ahal izateko. Horregatik gaude gaur hemen. Badakigu langile eta gazteen parte handi batek ere krisiaren eta gobernuen politiken ondorioak daramatzatela bizkar gainean. Beraz, belaunaldien arteko solidaritatea aldarrikatzen dugu, gaur, atzo bezala, batasuna delako guztion indarra".

Antzuolako Landatxope eta Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak