Maria Eugenia Arrizabalaga zinegotzi jeltzaleak dimisioa aurkeztu du

Maider Arregi 2016ko ira. 23a, 12:55

Gaur goizean eskatu du Maria Eugenia Arrizabalaga jeltzaleak dimisioa Udal bulegoan. Arrizabalaga Antzuolako zinegotzia 2011z geroztik izan da. Hala, Jose Ramon Jauregi antzuolarra izango da Maria Eugenia Arrizabalagaren ordezkoa.

"Herrikoa bertakoa ez izatea handicap handia da herrigintzarako. Antzuolako zinegotzi izatea suertatu zitzaidan 2011n, ezin izan baikenuen antzuolarrez osatutako zerrenda lotu, eta alderdiarekin konpromiso politikoak eraman ninduen zerrendaburu bezala aurkeztera. Aurreko agintaldian ahaleginak egin nituen behar bezala erantzuteko Antzuolako herri-ordezkari izateak berekin dakartzan betebeharrei: batzordeetara hurbildu eta osoko bilkuretan parte hartzea, horretarako gaien jarraipena eginda, jakina", azaldu du jeltzaleak.

Legebiltzarkide eta Gipuzkoako exekutibako kide zen orduan Arrizabalaga. Baina, egun dituen ardura berriek ezinezko egin die biak uztartzea: "Orduan nituen muga guztiekin saiatu nintzen. Baina orain... aurreko ikasturtean argi geratu zitzaidan EBBko kide eta BBNNeko bozemaile izateak gehiegitan ezinezkoa egin didala aipatutakoetan azaltzea. Horrela ibiltzea ez da egokia, antzuolarren ordezkaritzak gehiago merezi du", argitu du.

Hala, Jose Ramon Jauregi antzuolarra izango da Maria Eugenia Arrizabalagaren ordezkoa. "Eta orain badugu ordezkoa, egokia gainera, eta antzuolarra: Jose Ramon Jauregi. Bai ordezkatzen dudan proiektu politikoarentzat, eta baita Antzuolako herriarentzat, aukera hobea da. Seguru nago hortaz. Bost urtez Antzuolako zinegotzi izateko ohorea izan dut, eta ez da hitz hutsa, benetan sentitzen dudana baizik. Aurreko agintaldia amaituta, alkateak eman zidan Antzuolako bandera han daukat, etxeko salan, ohore horren lekuko. Onena desio diot Antzuolako herriari, bereziki Antzuolako Eusko Alderdi Jeltzaleko kideei, lagun zintzo izan ditudanak bide honetan, eta, nola ez, zinegotzi berri izendatua izango den Jose Ramoni. Eta bide batez, gogora ekarri nahiko nuke 2011n gurekin batera abentura txiki honetan gogo bereziz sartu zen Eliseo Gartzia, zoritxarrez heriotzak eraman zuena: benetan sinesten zuen Eusko Alderdi Jeltzalearen herrigintzarako bokazioan eta balioan. Esker mila, Eliseori, Mikel Leteri, Basili Ormazabali, Jesus Agirreri, Luisja Telleriari, gure zerrenda-kide guztiei, bereziki Jose Ramon Jauregiri eta Antzuolako herriari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak