Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Antzuolan EH Bildu garaile, 592 botorekin

Goiena 2016ko ira. 25a, 21:22

Antzuolan, EH Bilduk 592 (%49,08) boto lortu ditu; EAJk 369 (%30,59); Elkarrekin Podemosek 118 (%9,78); PSE-EEk 75 (%6,21); PPk 31 (%2,57), Pacmak 7 (%0,58) eta Csek 6 (%0,49).

Errolda, 1.653; Parte-hartzea %73,81 eta abstentzioa % 26,19koa izan da. Parte hartzea, 2012koaz alderatuz gero, bi puntu jaisti da. Izan ere, 2012an %24ko abstentzioa izan zen.

EH Bilduko Ion Iturbe zinegotziak balorazioak egiteko azkarregia dela esan arren, pozik hartu dituela emaitzak azaldu du: "Oraindik ez ditugu datu denak eskuan eta hausnarketa egiteko eta analisia egiteko azkarregia da. Baina, Antzuolan irabaztea eta emaitza horiek espero genituen eta pozik gaude".

EAJko Basilio Ormazabal ere pozik herriko emaitzarekin: "Antzuolan irabaztea oso zaila, baina goraka goaz. 400 boto lortzen bagenituen primerako emaitza izango zen; eta 369 boto lortu ditugu; balorazio ona beraz egiten duguna. Gainera, azkenengo hauteskundeetatik igo egin dugu; 40 boto gehiago jaso ditugu".

Elkarrekin Podemoseko Maolo Rodriguezek ere irakurketa positiboa egin du testuingurua kontuan hartuta: "Espainiako hauteskundeetako emaitzetatik pixka bat jaitsi egin dugu; baina hasiera da eta ez dago gaizki. Podemos izenak pixka bat beldurra ematen du gazteak garelako, baina bagoaz gure bidea egiten poliki-poliki".

Biharamuneko balorazioa

Beñardo Kortabarria alkateak, datuak esku artean dituela emaitzen gaineko balorazioa egin du: "Herriko emaitzak onak izan direla esango nuke. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta, nahiz eta ez den oso zuzena alderaketa tartean Podemos sortu delako, apur bat behera egin dugu. Baina kontuan hartu behar da botoa emateko eskubidea zuen jende-kopurua txikiagoa izan dela eta abstentzioa apur bat altuagoa. Hala ere, Antzuolako botoen ia erdia EH Bildurentzat izan da, eta hori asko da. Autonomia Erkidego mailan gauzak ez zaizkigu hain ondo joan, baina ezta hain gaizki ere, gentozen tokitik etorrita bigarren geratu garelako. Kontua da EAJ-PNVri oso ondo joan zaizkiola eta ia ez duela inon beharrik gobernatu ahal izateko. Ni egindako lanarekin geratzen naiz, bai Antzuolan eta baita gainerako tokietan ere. Uste dut jendearen ilusioa berpizten asmatu dugula, eta, berandu baino lehen, egindako lanak ekarriko dituela merezi ditugun emaitzak. Atzo lagun bati esan nion moduan, hau ez da esprintean erabakiko, erresistentzian eta lanean oinarritutako lasterketa da, eta helmugara pedalkadaka ailegatuko gara".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak