Udaletxeko irisgarritasun lanen lehen fasea urte bukaerarako amaituko dute

Maider Arregi 2016ko ira. 16a, 08:00

2016 hasieran abiatutako udaletxeko irisgarritasun lanen lehen fasea bukatzeko, komunak egitea besterik ez da falta. Igogailua martxan da, nahiz eta oraindik kanpoaldean (argiteria...) txukuntze lanak egitea falta den. Komunen obra bukatzen denean lanon lehen fasea bukatutzat emango dute.

Igogailuak zortzi lagunendako lekua dauka (630 kilo) eta lehen baserritarren buzoiak zeuden tokitik dauka sarrera igogailuak. Buzoiak, aldiz, aguazila zegoen tokira pasa dira. Hain justu ere, baserritarrek aurrerantzean, malgutasun handiagoko ordutegiaz izango dute-eta  buzoietara joateko aukera. "Igogailua eginda dago, eta ibili badabil. Kontua da sarrera oraindik egokitu barik dagoela, ondoan egongo diren komunetako lanak hasi barik daudelako", argitu du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.

Izan ere, prozedura-arazo batek komunak egiteko obra atzeratu duela azaldu du alkateak: "Berez iazko diru-kontuen partida batekin ordaindu behar zen komunak egiteko obra; baina, ez zegoen aurtengo kontuetara pasatzeko prozedura ondo eginda. Hortaz, deitutako lehiaketa bertan behera geratu zen. Orain, prozedura behar bezala eginda, astelehenean bertan sinatu nuen lehiaketarako baldintza-plegua”. Hala, komunak egiteko aurrekontua 40.000 (BEZ barne) eurokoa dela dio.


Lehen fasea bukatzear
"Hala, urtea bukatu baino lehen komunak bukatuta egongo dira, eta igogailua erabilgarri. Argi dago obra bukatzen denean irisgarritasun hobea izango duela udaletxeak”, gaineratu du.


Bigarren fasea egiteko
Etorkizunera begira, baina, harrera, besteak beste, behera ekarriko dute eta sarrera eskurago edukiko dute antzuolarrek. “Eginda dagoen planifikazioaren arabera, udaletxeko beheko solairuan aguazila, harrera eta administrazio sailak egongo dira. Bulego teknikoak, idazkaritza, alkatetza eta bilera gelak, berriz, beste bi solairuetan banatuko dira”.


Baina, esan bezala, bigarren fasea egitear dago eta oraindik ere zehaztugabe eta diseinatu gabe dago. Baina, beheko solairuan harrera eta bulegoak ekartzea gura du Antzuolako Udalak. Goian, aldiz, bulego teknikoak eta alkatetza mantentzea du asmo Udalak. Guztia baina, zehazteko dago oraindik.


Arrapala
'L' formako egurrezko arrapala, aldiz, uda hasi aurretik jarrita dago udaletxeko sarreran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak