Oxel Apraiz: "Eztala futbol zelaia nire jokorako egina dago; ondo ibiliko naizela uste dut"

Maider Arregi 2016ko ira. 16a, 08:00

 
Oxel Apraiz musakolarrak, (Arrasate 1976), futbola odolean darama. Aurrelariak, agur esan bazuen ere, ezin izan dio ezetzik esan Antzuolako futbol taldearen eskariari. Gogotsu eta ilusioz bueltatu da Antzuola mailaz igotzera. Denboraldia, zapatuan hasiko du Antzuolak: Eztalan, 16:30ean, Arizmendiren aurka.

Ezin futbola utzi. Agur esan zenuen orain pare bat urte baina...
Mono-a hor geratzen da-eta... ezin utzi, kar-kar.


Baina ibilbidea bukatutzat eman zenuen Udarekin. Zer gertatu da?
Ni sei urtez Antzuolan bizi izan nintzen. Bertako lagunek beti esaten zidaten Antzuolan bukatu behar nuela nire futboleko ibilbidea eta badakizu, azkenean konbentzitu egin naute.


Mondra taldean hasi zenuen zure ibilbidea.
15 urte egin nituen Mondran. Ondoren, Bergarara joan nintzen.  Bizkaira salto ere egin nuen ostean: Lemoa, Barakaldo (2.B maila), Amurrio, Ondarroa, Gernika… Beasainen, Gipuzkoan,  ere ibili nintzen.


Antzuola, iaz jaitsi zen eta lehen erregional mailan dago orain. Ze asmo duzue?
Denboraldi on bat egitea da gure asmoa eta mailaz igotzea. Baina helburu nagusia ondo pasatzea da.


Nolako taldea da Antzuolan?
Talde gaztea da, ni denen aita naiz kar-kar. Hamar jubenil igo dira eta orain taldeko helduenak 28 urte inguru izango ditu. Aholkuak ere eman dizkiet, kar-kar.


Zure jokoa aldatu, moldatu egin duzu Antzuolan jokatzeko?
Antzuolako futbol zelaia nire jokorako egina dago. Gorputza asko erabiltzen dut eta Eztalako zelaia txikia da; niretzako egokia eta uste dut ondo moldatuko naizela. Gero ikusi egin behar denboraldia nola doan.


Lehen partidua Udaren kontra.
Bai, ni lesionatuta nago (giharren gain karga) eta lehen neurketan ezin izango dut jokatu.


Ondo konektatu duzu taldekideekin eta Igor Larrea eta Ander Arana entrenatzaileekin?
Bai, oso ondo moldatu gara eta gauza onak egiteko aukerak ditugula uste dut. Antzuolako jokalariek ondo jokatzen dute-eta futbolean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak