Euskadi Lagunkoia ekimenarekiko atxikipena berretsi du Udalak

Maite Txintxurreta 2016ko ira. 7a, 12:34

Duela lau urte herri hobe eta erosoagoa lortzeko sortu zen taldearekin elkarlanean jarraituko dute aurrerantzean ere. Bestalde, Bideberri mankomunitateari aparteko diru ekarpena bideratzea ere onartu zuten.

Udako oporren ostean, 2016-2017 ikasturte berriko lehendabiziko ohiko osoko bilkura egin dute asteon, martitzenean, Antzuolako udaletxean. Landutako puntuen artean, Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzagako udalek osatzen duten Bideberri mankomunitateari aparteko ekarpena onartu zuten. Bestalde, herrian duela lau urte hasitako Euskaldi Lagunkoia proiektuari atxikipena berretsi zuen udal taldeak.

Herri Lagunkoia

Udalerri bateko herritarrek euren bizitokiko inguru fisiko eta soziala aztertu eta egin beharreko moldaketak proposatzea da Euskadi Lagunkoia ekimenaren funtsa. Hala, duela lau urtetatik Antzuolan bada horretan diharduen talde bat, nagusiki pertsona erretiratuez osatua.

Orain arte, herrian zeuden beharrak aztertu eta Udalarekin lankidetzan aritu dira herri lagunkoiago bat lortze aldera. Hala, atzoko osoko bilkuran udal taldeak aho batez onartu zuen proiektuarekiko atxikipen hori berrestea. Beraz, elkarlanean jarraituko dute aurrerantzean Antzuola Herri Lagunkoia taldearekin.

Talde horrekin batera orain arte landutako proiektuen artean, alkateak nabarmendu du uda honetan ireki duten Sagasti auzoko ur parke berria: "Beraiek eta guk arlo honetan behar bat zegoela identifikatu genuen, eta hortik abiatuta hasi ginen ur parkearen proiektua lantzen".

Horrez gain, orain udaleko langileak herriko hainbat banku kendu ditu, konpontzen, margotzen edota gaizki daudenak aldatzen dihardutelako. Horrelakoak proposatzen ere parte hartzen du Herri Lagunkoia taldeak.

Bideberriri ekarpena

Bestalde, iraileko bilkuran Bideberri mankomunitateari % 0,7ko aparteko ekarpen ekonomikoa bideratzea onartu zuten aho batez.

Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzaga herrietako udalak batzen ditu 2007an osatutako mankomunitate honek, eta horren bitartez, aipatutako herrietan gizarte zerbitzuak eskaintzen dituzte. Hala, zerbitzu horien baitan,  diru horren zati bat, esate baterako, Antzuolako Anelkar bezalako Gobernuz Kanpoko Erakundeei bideratzen diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak