Antzuolako sukaldariek hitzordua daukate egubakoitz goizean Kalebarrenen. Izan ere, bertan egingo dute jaietako urteroko gastronomia lehiaketa. Lehenago patata tortilla lehiaketa izaten zen, baina iaz aldatu egin zuten eta entsalada errusiarra egin behar izan zuten parte hartzaileek; aurten, berriz, txanpinoiak saltsan gertatzen erakutsiko dute euren trebetasuna.
10:30ean hasita, goiza aprobetxatu beharko dute guztia mimoz prestatzeko, eguerdi aldean epaimahaia igaroko da eta. Plater guztiak dastatu ostean, ordu batean jakinaraziko dute zeintzuk izan diren irabazleak.
Baina epaimahaikideak ez dira izango platerak probatuko dituzten bakarrak. Izan ere, beraiek pasatu ostean, lehiakideek gertatutako txanpinoien dastaketa izango da inguratzen diren herritarrendako.
Iazko txapeldunak
Iaz Arantxa Izagirrek, Arantxa Aranburuk eta Marije Zubimendik osatutako hirukoteak eraman zuen etxera lehen saria. Koadrilako lagunak dira hiruak, eta lehen aldiz aurkeztu ziren lehiaketara. Bistan denez, ez ziren erabakiaz damutu.
Marije Zubimendik azaldu du ez zutela sekretu berezirik erabili euren platera prestatzen. "Betiko moduan" egin zutela dio, era tradizionalean.
Zubimendi aurten ere aurkeztuko da lehiaketara, taldekide berriekin bada ere. Aurtengo errezeta iazkoarengandik oso desberdina izan arren, ahaleginduko dira mimoz eta ahalik eta ondoen prestatzen.