Basilio Ormazabal: "90 ekarpen batzen ditu EAJren 2025erako plan estrategikoak"

Antzuolako eraldaketa orain hogei urte hasi zela dio EAJko bozeramaile Basilio Ormazabalek. Baina, zorpetze mailak eta orain krisiak eraginda, eraldaketa hori geldi dagoela dio. "Hemendik 10-15 urtera nolako Antzuola gura dugun hausnartu gura genuela adierazi genion alkateari aurrekontuak aurkeztu zituen osoko bilkuran. Gure asmoa zela plan estrategiko integrala, osoa, egitea. Eta halaxe egin dugu. 90 ekarpen jaso ditugu", dio Ormazabalek.

"Herrian eragile diren herritarrekin batu gara eta euren ekarpenak ere gehituko dizkiogu", azaldu du.
Herriko hainbat arlotako indarguneak eta ahulguneak identifikatu dituzte: kultura, hezkuntza, aisialdia, euskara, gazteria, ingurumena, industria, ongizatea, lehen sektorea... tartean, etxebizitza hutsen arazoa azpimarratu dute. "Gaur egun erdigunean etxebizitza huts asko daude, gazteek nahiago dute etxe berria erosi. Horregatik, erdigune historikoko etxebizitzak zaharberritzeko plana egitea proposatzen dugu".  


Ekarpenak
EAJren plan estrategikoak industria herrian geratzearen aldeko apustua egiten du. "Industrialde bat izateak enpresak herrian geratzea ekarriko du lanpostuak bermatuz. Herrian lau enpresa indartsu daude eta  Antzuolan geratu behar direla uste dugu".
Hondakinen kudeaketa berriro aztertu behar dela ere jaso dute: "Herritarrek ikasi dute hondakinen sailkapena egiten eta orain galdetu behar zaie ea atez atekoarekin jarraitu gura duten. Defizitarioa izaten jarraitzen du eta".
Narruola egitasmoak aurrera egitea ere proposatzen dute. "Garai batean lau larru fabrika zeuden Antzuolan; bertako historia kontatu beharra dago ez dadin galdu. Herrira bisitan etortzen direnei esaterako; baina baita ere historia jakin gura duten antzuolarrei".

Herritar orori irekia dagoen txosten elebiduna www.eajpnvantzuola.eus webgunean dago.


Desadostasuna
EAJk txostena aurrez argitaratu izanarekin ez da Beñardo Kortabarria alkatea ados azaldu: "Guk lau urterako gure plan estrategikoa eginda daukagu herritarrekin. Baina, elkarrekin egiteko baiezkoa eman genuenean, herritar guztiekin egindakoa eta hausnartutakoa izatea gura genuen. Eta ez gurea edo EAJrena aurkeztea aurrez; parte-hartze prozesuan egin gura genuen; hala ulertu dugu".
EAJko Ormazabal bozeramaileak argitu gura izan du: "Guk alkateari adierazi genion elkarrekin egitea nahi genuela eta onartu zuten eta uste genuen gaurtik aurrera hastea. Baina, mezua bidali zuen esanez bilera horiek atzeratzeko; izan ere,  eurek ere lanketa bat egitea nahi zutelako. Lan hau egin dugu eta nahi izan dugu herriaren aurrean aurkeztea".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.