Herri Zahar, Andre Berri proiektuaren helburua da elkarrekin hausnarketa egitea euskal jendarteak ekintza kultural eta tokian tokiko tradizioetan emakumeak duen eta izan behar duen parte-hartzearen eta rolaren inguruan egiten duen proiekzioaz. Proiektua apirilaren 1etik 3ra Biarritzen egindako topaketa batekin hasi zen, eta hainbat esparruren gainean hitz egin zen: ahozkotasuna eta ahotsa (bertsolaritza, musika...), gorputza eta mugimendua (dantza, antzerkia...), espazio publikoa edo plaza (desfileak, alardeak, danborradak...) eta memoria eta erreferente kulturalak. Topaketa horretan egindako lanaren zati bat erakusteko eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko, uztailaren 17an, 12:30ean, irrati-antzerki saio performatiboa egingo da Antzuolan. Ekintza publikoa izango da eta erretransmisioa egingo da; era berean, zuzenean jarraitu ahal izango dute herritarrek. Bi-bat orduko saio batean, iraganetik, gaurko egunetik eta etorkizunetik ibilbidea egingo da, umore giroan eta ondo pasatzeko helburuarekin.