"Egunik potoloena zapatukoa izan zen; lau orduko tour politikoa eduki genuen. Irlandatik parte hartu zuten Sinn Feinneko Irlandako gobernuko ministroa izandako Caitriona Ruanek, Tomas Marron preso ohien ordezkariak eta Padi Quinnek, IRAko preso ohia eta 1981. urteko gose grebako partaidea".
Bisita gidatua ere izan zuten gatazka guneetan barrena: "Oso interesgarria izan zen egin genuen ibilbidea, orduko gatazka lekuetatik eta liskarrik handienak gertatu ziren tokitik igaro ginen. Ekitaldi xume baten bidez, gure arteko preso eta Iheslari ohiei ere omenaldia egin zieten.Esan behar dugu, Euskal Herriarekiko duten jarrera ikusgarria dela... pila bat maite gaituzte", nabarmendu du Ormaetxeak.
Antzuolatik zazpi lagun joan zirela azaldu du Mikel Aristi antolatzaile antzuolarrak: "Debagoienetik 25 lagun joan gara eta oso bidaia positiboa izan da. Giro paregabea sortu da South Armagheko herritarren eta gure artean".