Maiatzaren 21ean, zapatua, egingo da baserritarren festa Antzuolan. "Baserritarren egunak indar handia zuen lehen; baina orain, baserritarren ingurua apaltzen joan den heinean, jaia ere apaldu da. Guk ez dugu nahi hori gertatzea eta baserritarren festa eta ingurua indartzea gura dugu", azpimarratu du Kirol zinegotzi Garazi Larreak.
Nobedadeak
Nobedadez beteta dator baserritarren eguna: goizean ganadu feria eta artisau azoka egingo da Herriko Plazaren bueltan 09:00etatik 13:00eara. Bertan izango dira ere herriko zenbait artisauen lanak ikusteko eta erosteko aukera. Kukumarro erakusketa eta sari banaketa ere izango da. Ondoren, 13:15ean, Gure Esku Dagok antolatuta Zurrategiko kioskoa apainduko dute. Gainera, kantua aurkeztuko dute. Baina, aurten goitibehera lehiaketaz eta herri bazkariaz gozatzeko aukera ere izango dute antzuolarrek eskolako patioan. Norberak eraman beharko du janaria. Aurretik baina, herri kirolak egingo dituzte 12:15ean. Kaletarren eta baserritarren arteko desafioa egingo dute lehenengoz. Eta iluntzean eta gauean, herriko trikiti taldearen laguntzarekin, Trikiteens taldearen erromeria Zurrategin.
Bertso jaialdia
Maiatzaren 20an, egubakoitzean, bertso-jaialdia egingo da Torresoroan, 22:00etan hasita Antzuolako Sasibertsolaixak taldeak antolatuta. Unai Agirre, Alaia Martin, Mikel Artola eta Unai Mendizabal bertsolariak ariko dira. Gai jartzailea Iraia Gabilondo izango da. Sarrerak 5 euroren truke daude salgai.