Ishor Bhudathoki: Antzuolara atzerritik etorri direnendako eredu

Maider Arregi 2016ko mai. 13a, 11:08

Hutsune handia utzi du Ishor Bhudathoki nepaldarrak Antzuolan. Izan ere, lana aurkitzera Alacantera joan behar izan du. Bhudathokik, hiru urtetan euskara ikasteaz gain, Antzuolako herrian integratzea lortu du eta antzuolar bat gehiagotzat dute herritarrek.

Herrigintzan eragilea izan da: Auzoko programaren muina eta auzokide eta auzotarren arteko zubia. Pena handia hartu dute herritarrek: "Ishor garrantzitsua izan da ekimen desberdinetan parte hartu duelako eta honek beste atzerritarrak ere bertan parte hartzera bideratu dituelako. Euskara ikasteko hasieratik prest egon da beti; baita eskatu zaionean edozertan laguntzeko ere. Askotariko ekimenetan parte hartu du: ipuin maratoian, dantza tailerrean, Kalebarrengo jaietan...", kontatu du Maite Telleria Auzokoko dinamizatzaileak. Euskararekiko sentsibilitatea erakusteaz gain, ikasi ere ikasi zuen: "Euskara maila altua izatea lortu zuen; gainera, besteendako eredu ere izan da; pena handia dugu".


Auzoko berriro indartuta
Auzoko ekimena hasieran hanka motz geratu dela dio Telleriak: "Ishorrek, apaltasun handia, laguntzeko jarrera, gizaki duina eta langilea izatea zer den erakutsi digu guztioi. Beti ere jarrera positiboarekin; pena bat da, honelako mutil gazte zoragarriak Antzuola utzi behar izatea ez duelako lan aukerarik aurkitzen herrian; berak herriarendako egin duen guztia eta gero... Auzoko nahiko hanka motz geratu da. Baina orain, indartuta dator berriro: Nikaraguako Diana eta Luisari, Abelino kubatarrari eta Claudia  mexikarrari esker".

Ishor Bhudathoki: "Antzuolara itzuliko naiz, noski"

Ia lau urtez Antzuolan bizi izan da Ishor Bhudathoki. Orain Alacanteko Javia herrian bizi da.
Zergatik joan zinen Alacantera?
Lan bila etorri naiz Javia herrira. Jatetxe batean nago lanean zerbitzari gisa eta oso pozik nago.
Antzuolan lanik ez, ala?
Ez, ez nuen aurkitzen. Eta kontratuarekin lan egin beharra neukan bertan bizitzen jarraitzeko eta paperak eskuratzeko. Pena izan da Antzuolatik irtetea baina beharrezkoa zen. Hemen ere ezagunak ditut eta gustura nabil.
Antzuolaz oroitzen zara?
Asko; gainera deitu didate ea zer moduz nagoen galdetzeko. Oraindik ez baina berriro itzuliko naiz Antzuolara, noski!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak