Eskualdeko 300 umek egingo dute ibilaldi neurtua Antzuolan

Leire Kortabarria 2016ko mar. 7a, 14:42
Orain bi urte Aretxabaletan egindako ibilaldi neurtuko irudi bat.

Aspaldiko partez –2007tik, hain zuzen ere– Antzuolari egokitu zaio Deba eskualdeko eskola arteko ibilaldi neurtua antolatzea. Mendi elkarteek antolatzen dute, Gipuzkoako Mendi Federazioaren eskutik, eta Arrolak du, hortaz, ardura hori aurtengoan. Egun berean eskola kirola egiten duten umeendako Gipuzkoan antolatzen diren bost ibilaldietako bat da hori; hain zuzen, Debagoien eta Debabarreneko zonalderako. Ekintza hori antolatzen den 29. aldia da. Martxoaren 13an, domeka, izango da, 08:30 eta 09:00ak artean abiatuta.

Ibilbidea erabakita dauka Arrola Mendi Taldeak, taldeko presidente Maialen Guridik azaltzen duen moduan: "Bi ibilbide izango dira, bat alebinentzako (9-10 urtekoak) eta beste bat gazteagoentzako; alebinena pixka bat luzeagoa izango da. Herriko plazatik irtengo dira, taldetxotan; Kaxetara igoko dira eta, hortik, trenbide zaharra hartuko dute. Hortik, bi bidetik, San Martzialera igoko dira; han hamarretakoa egin ondoren, antzinako elizbidetik Uzarragara joango dira". Gauza interesgarriak ikusiko dituzte: trenbide zaharra, Akinabeiko errota, San Martzial eta Uzarragako ermitak…

Ohi den bezala, txikienen bidea "pixka bat motzagoa eta errazagoa" izango da. Bi ordu eta erdian egiteko modukoa da; nagusitxoenek hiru bat orduan egin ahal izango dute dagokien bidea. "Zailtasun aldetik, badaude pare bat aldapa, baina, bestela, ez da zaila; bideak nahiko zabalak dira", dio Maialen Guridik. Ibilbide luzea 7,15 kilometrokoa da, eta motza, 6,1 kilometrokoa.

Izen ofiziala "lehiaketa" den arren, berez ibilaldia besterik ez da. Hiru kontrol batzuk egongo dira bidean; helburua ez da bakoitzaren denborak neurtzea, baizik eta ibilbide osoa egiten dela ziurtatzea. “Bukaeran, parte-hartzaile bakoitzari diploma bat emango” diotela ziurtatzen du Guridik.

Izen-ematea zabalik dago

Azken hilabeteotan lan handia egin behar izan du Arrola Mendi Taldeak, izan ere, otsailean Mendi Astea egin zuten, eta honako ibilaldiaren ardura ere izan du. Nahi baino asti txikiagoa izan du, hortaz. Pausoka Guraso Elkartearen laguntza ere izan duten arren, “lana” izan da; baina, batez ere herriko umeendako, eta baita Debagoien eta Debabarren osokoendako ere, "ekintza polita" antolatzearen poza ere izan du mendi taldeak. Goizekoa bakarrik da ekintza; autobusean etortzen dira bisitariak, goizeko ekintza eta gero joaten dira bueltan eta, beraz, Antzuolan aparteko gorabeherarik ez da espero.

Azken egunotan kezka agertu dute zenbait herritarrek, zabaldu zelako ibilbidea bidegorriko Iraetako tuneletik pasa behar zela, eta harriak jausi direlako bertan; are gehiago, Foru Aldundiak guztiz itxi du tunel hori, segurtasunagatik. Bada, Maialen Guridik dioenez, ibilbidea "inoiz ez" zen tunel horretatik pasatzekoa, baizik eta inguruan dauden beste hiru tuneletako beste batetik.

Denetara, 250 eta 300 ume artean eta haiekin etorriko diren helduak espero dituzte Arrola Mendi Taldekoek; kontuan hartu behar da ibilaldi neurtuan parte har dezakeela Gipuzkoako ikastetxeren batean dabilen edozein ikaslek, eskola kirolean ibili zein ez. Izena emateko epea badago oraindik; hori egin nahi dutenak edo informazio gehiago nahi dutenak Arrolako presidente Maialen Guridirengana jo dezakete, astelehenean edo eguaztenean, 18:00etatik 20:00etara, 650 61 46 41 telefonora deituta; arrolamt@gmail.com helbide elektronikora mezua ere bidal daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak