Osoko bilkuraren ostean, Oinarin dantza taldekoek ikurriña eta Saharako bandera eskuan zutela, Ikurrin dantza egin dute Anelkar, SOS Sahara eta Udal zinegotzien aurrean. Ondoren, ikurrina eta Saharako bandera udaletxeko balkoian jarri dute.
"Adierazpen instituzionala ekarri dugu osoko bilkurara badelako garaia herri sentitzen den herri bati estatu izaera emateko; onartuta dago eta Saharako zapalkuntza egoerari buelta eman behar zaio", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.
Bertan izan da ere Antzuolan bizi den Daha Emhamed Lohbib sahararra. "Antzuola eta Gipuzkoako herri askok elkartasuna urtero erakusten diote sahararrei. Elikagaiak batzen lagundu, haurrak oporraldietan jasotzen dituzte... harrigarria eta hunkigarria da antzuolarrek adierazten diguten elkartasuna. Egoera oso txarrean daude kanpamentuak: okupatutakoetan daudenek tratu txarrak jasaten dituzte. Eta urrian gertatutako uholdeek suntsitutako kanpamentuetako egoera oso larria da; dena suntsituta dago eta han ez dute ezer. Hala ere borrokan jarraitzen dugu", dio Daha Emhamed Lohbib-ek.
Aldarrikapena eta musika
Gaur, zapatua, 17:30ean, haima eta haurrendako jolasak izango dira eskolako patioan. 22:00etan, kontzertua Torresoroan: Klak!son, Patxi Luque, Antzuolako Trikitilari taldea, Namektarrak, Issuo Sasiia eta Josune, Koldo Lizarralde... Sarreran borondatea jasoko dute Anelkarreko kideek eta jasoko den dirua sahararrei laguntzeko izango da. Egunotan saldutako txartelen zozketa ere emanaldian zehar egingo dute.