Anelkar: "Zerotik hasi behar dute sahararrek"

Maider Arregi 2016ko ots. 25a, 13:03
Anelkarrek eta SOS Saharak ekitaldi ugar egin dute Saharari elkartasuna adierazteko

SEADek (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) 40 urte beteko ditu otsailaren 27an. Hala, egun osoko ospakizunak izango dira protagonista Antzuolan zapatuan. Gaur, eguena, Antzuolan bizi den Daha Emhamed Lohbib sahararrak  egun bizi den egoerari buruzko hitzaldia emango du Olaranen 19:00etan.

 

 

Zapatuko elkartasun festan, Anelkarrek eta SOS Sahara elkarteek sahararrei laguntzeko dirua batzeko ahaleginak egingo dituzte. "Orain, Saharako premia handiena urriko uholdeek hondatutako hainbat zerbitzu, ospitale, eskola eta egiturak garatzea dira. Uholdeekin ia dena galdu dute eta zerotik hasi behar dute", dio Anelkarrek.

"Herriko eskolak, Udalak eta Anelkarrek elkartasun bide horretan esperientzia positiboa dauka. Antzuolak hamabi euskal karabanekin parte hartu du eta 7.500kg batu ditu. Gainera, Antzuolako zenbait familiek Saharako umeak opor garaian ere jasotzen dituzte. Gure herriak lotura estua dauka Sahararekin".


Konpromiso instituzionala
Zapatuan, 12:00etan ezohiko osoko bilkura egingo da. Udalak aurkeztuko duen adierazpen instituzionalak honela dio: "Gaur, 2016ko otsailak 27, 40. urteurrena betetzen da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela eta Udalak bat egin nahi du gertakari historiko horrekin eta beste urte batez ere garbi erakutsi nahi du Saharar herriarekin duen konpromiso tinkoa (...). Sahararen autodeterminazio eskubidea, SEADeko gobernuaren eta Fronte Polisarioaren errekonozimendua aldarrikatzen dugu. Eta Espainiako Gobernuari eta nazioarteko komunitateari eskatzen diegu bultza ditzatela beharrezko ekimen politikoak konponbide zuzen eta behin betikoa lortzeko (...)".


Musika eta aldarrikapena
Osoko bilkuraren ostean dantzarien saioa izango da eta ikurriña eta Saharako bandera udaletxeko balkoian jarriko dituzte. 17:30ean, haima eta haurrendako jolasak izango dira patioan. 22:00etan, kontzertua Torresoroan: Klak!son, Patxi Luque, Antzuolako Trikitilari taldea, Namektarrak, Issuo Sasiia eta Josune, Koldo Lizarralde... Sarreran borondatea jasoko dute Anelkarreko kideek eta jasoko den dirua sahararrei laguntzeko izango da. Egunotan saldutako txartelen zozketa ere emanaldian zehar egingo dute.

Gaur, eguena, hitzaldia

Antzuolan bizi den Daha Emhamed Lohbib sahararrak  egun bizi den egoerari buruzko hitzaldia emango du. Urriko uholdeen ondorioaz eta saharar herriaren egoera politikoaz jardungo du besteak beste gaur, eguena,  Olaranen 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak