Iraetako tunelean eroritako harriaren ondorioz bidegorriko tarte horrek itxita jarraitzen du

Maider Arregi 2016ko ots. 25a, 12:04
Iraetako tunelean eroritako harria. Argazkia: Beñardo Kortabarria

Lizarraga auzoko Iraeta baserriaren azpian dagoen tunel barruan, harri handi bat erori da asteon. Ondorioz, hortik igarotzen den bidegorri zatia hesiz itxita dago. Bertatik ez igarotzea gomendatu du Hirigintza teknikari Valen Moñuxek. Antzuolako alkateak, bertako tunel guztien ikerketa geologikoa egiteko eskatu dio gainera Diputazioari.

"15 tona inguruko harria dela kalkulatu dugu, auto baten tamaina dauka gutxi gora behera. Diputazioari eskaera egin dio alkateak harria kentzera etor daitezen. Baina, aurrena ikerketa geologikoa egin behar da. Izan ere, makina sartu behar da harria zulatzeko eta horrek harri gehiago erortzea ekarri dezake. Ez da alarma sortu behar, baina, arriskua badago. Lau hesi jarri ditugu jendea ez dadin bertatik pasa".

Linternarekin argazkiak ateratzera joatea ez dela gomendagarria ere azaldu du Hirigintza teknikariak. Luze eraman dezake harria kentzeko lanek. Esan bezala, ikerketa geologikoa egin behar da lehenik eta ondoren, arriskurik gabe nola kendu harria erabaki. Beñardo Kortabarria alkateak gainontzeko tunelen azterketa egiteko ere eskatu dio Diputazioari. Antzuolako Udala Diputazioaren erantzunaren zain dago oraingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak