Ikuskizunak etorkizunera, 3015. urtera, eraman ditu gaur arratsaldean Torresoroako aretoan batutakoak. 3015era eta Sintime izeneko urruneko toki batera. Hara egindako misio espazial batek argitu dio Margaret Querida komandanteari zergatik desagertu zen XXI. mendeko giza espeziea: tiempitis aguditis gaitzagatik, hain justu.
Angelica Gago clownak ikusleen hausnarketa eragin nahi izan du ia hitzik ez duen ikuskizunarekin; iradokitzen duena da gizakia obsesionatuta bizi dela denbora galtzearekin, denbora aprobetxatzearekin, denboraz iristearekin, denbora pasatzearekin, denbora irabaztearekin, denbora beharrarekin... behin ere ez duela denborak asetzen, alegia.
Torresoroako ikuskizunean askotariko objektuek eta haien hamaika erabilpenek pisu handia izan dute, baita mugimendu koreografikoek eta musikak ere, eta zirkotik ere izan du saioak.