Sahararrei elkartasuna adierazteko festa egingo da domekan

Maider Arregi 2015ko abe. 18a, 16:00

Urteko azken ez ohiko osoko bilkura martitzenean egin zuten. Bertan, sahararrei elkartasuna adierazteko mozioa aurkeztu zuen SOS Sahara taldeko Mikel Olabarria kideak. Aho batez onartu zuten alderdi guztiek mozioa. Izan ere urrian gertatutako uholdeek 11.000 familia ezer gabe utzi dute. Horren harira, domekan, elkartasun festa egingo da Zurrategin gazte txokoko haurren laguntzarekin. 

"Urrian gertatutako uholdeek 11.000 familia etxerik gabe utzi dute. 40.000 saharar inguru ezer gabe daude. Premia larrikoa da eurei lehenbailehen laguntza bideratzea. Kasu honetan, ekonomikoa; hala, bertako Ilargi Erdi Gorria GKEak kudeatuko luke berme osoz bidalitako diru laguntza. Izan ere, elkartasun karabanak bi hilabete beharko luke Saharara iristeko eta gainera kostu ekonomikoa suposatuko luke. Horregatik diru batzea egiteko erabakia hartu dugu", azaldu zuen Olabarriak.


Domekan egingo den elkartasun festaren bultzatzailea gazte txokoa da. Bertako dinamizatzaile Itsaso Garmendiak dio gaztetxoei Saharako errealitatea gerturatzeko ekintza dinamikoak egin dituztela: "Sahararrei laguntzeko aukera ezin hobea iruditu zaigu domekako elkartasun festa. Garrantzitsua ikusten dugu gaztetxoek bertako errealitatea ezagutzea. Hala, elkarrekin landu dugu gaia dokumental eta argazkien bitartez. Domekan, pintxoak jarriko ditugu Zurrategi plazan Saharari laguntzeko; 18:00etan hasita egingo dugun festan musika eta jaima jarriko ditugu. Batzen duguna, Saharara bidaliko dugu".


Diru laguntzak


Sahararrei diru laguntza bideratzea ere aho batez onartu zuten osoko bilkuran batu ziren alderdiek. "Babes ekonomikoaz, elkartasuna adieraztea gura genuen mozio honekin; baita ere Udalaren posizionamendu politikoa", azaldu zuen Olabarriak. "Udalak diruz lagundu du; baita Anelkarrek ere. Laguntza gehiago lortzeko astelehenean, abenduak 21, Musika Eskolako ikasleen Gabonetako kontzertuan izango gara; Torresoroan 18:30ean".


Bestalde, Saharako Ilargi Erdi Gorria erakundeak kontu korronte zenbakia zabaldu du herritarren  elkartasuna jasotzeko asmoz: 00100411031000001773 (Croissant Rouge Sahraoui).


Elkartasun karabana eta festa


Otsailaren 27an, Saharako errepublika aldarrikatu zela, 40 urte  beteko dira. Hala, datorren urtera begira kanpaina bat abiatzea du asmo SOS Saharak. "Bergara eta Antzuola artean zozketa bat atera gura dugu. Gainera otsailaren 27a zapatua dela aprobetxatuta jai berezi bat ere egingo dugu bailara osoko herritarrak gerturatzeko. Eta nola ez elikagaien elkartasun karabana ere antolatuko dugu Saharara bidaltzeko", aurreratu du Mikel Olabarriak.


Domekan, abenduak 20, baina, lehen  elkartasun keinua egingo da gazte txokoaren eskutik Zurrategi plazan arratsaldeko seietan hasiko den festan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak