Antzuola: Kantuan hartuko dituzte Olentzero eta Mari Domingi

Maider Arregi 2015ko abe. 23a, 10:21

Gabononak ate joka dauden honetan, Antzuolako Udalak egitarau zabala prestatu du. Kirola, musika, kantua, haurrendako ipuin kontaketa saioa... adin eta gustu guztiendako ekintzak, herritarrek abenduko eta urtarrileko opor egunetan disfruta dezaten:

Abenduak 21, astelehena

Musika eskolako ikasleen Gabonetako kontzertua, 18:30ean, Torresoroan.

Abenduak 22, martitzena

Txistorrada jubilatu bazkideentzat. Horretarako izena emateko azken eguna: abenduak 15. Ondoren, erretiratuen karta txapelketako sari banaketa. Dena 17:00etatik aurrera, Landatxope elkartean.

Abenduak 24, eguena

Olentzero eta Mari Domingiri ongi-etorria egiteko eguna izango da Antzuolan. Goizean, 11:00etan batuko dira eskolako ume eta gurasoak Errekalden kantuan egiteko (euria bada eskolako aterpean batuko dira). Errekalden hasi eta herrian behera egingo dute kalejira, trikitilari eta txistulariek lagunduta. Herriko zenbait puntutan geldialdia egin eta kantuan egingo dute. Ondoren, luntxa Ez dot moztuko bizarra-k antolatuta, Zurrategin.

Eta iluntzean, 18:30ean,  Olentzero eta Mari Domingi San Josepetik behera etorriko dira, argi-zuziekin. San Josepetik plazara egingo dute kalejira txistulariekin batera. Aurten, Herriko Plazara zuzenean joan beharrean, kantatu egingo dute herritarrekin batera bidean zehar. Ondoren, ekitaldi nagusia, plazan egingo da. Izan ere,  Herriko Plazan egingo zaie ongi-etorria Olentzero eta Mari Domingiri. Dantza egingo diete Oinarineko dantzariek eta bertsoak abestuko dituzte 6. mailako ikasleek. Mari Domingik egingo du berba Horra Mari Domingi abestiaren ostean eta zenbait herritarrek eskaerak egingo dizkiete bi protagonistei. Iratxoak ere etorriko dira Olentzero eta Mari Domingiri laguntzera eta beraiek jasoko dituzte antzuolar guztien eskutitzak. Hator hator kantua abestuz bukatuko da ekitaldia

Abenduak 26, zapatua

Gabonetako krosa. San Esteban egunean krosa egingo da. 17:00: 5-8 urte artekoak. 17:15: Benjamin, alebin eta infantilak. 17:45: Kadeteak eta hortik gorakoak. Ordutegi bakoitzean maila desberdinetakoak batera irtengo dira, baina maila bakoitzak bere ibilbidea egingo du; zaharrenek, ibilbide luzeagoa. Izen-ematea: abenduaren 1etik 18ra, ostiralera. Liburu dendan, liburutegian, udaletxean, gaztetxean. Baita Korrika egin baino ordu erdi lehenago.

Abenduak 27, domeka

Txistularien kalejira. 10:00etan, herriko kaleetan zehar.

Abenduak 29, martitzena

Dorleta Kortazar ipuin kontalaria, 4-10 urteko umeendako: ipuinari tiraka 18:00etan, Torresoroan.

Urtarrilak 1, domeka

Urte berriari ongi etorria Arrola mendian. Bertaratzen direnentzako salda eta txistorra egongo da.

Urtarrilak 2, zapatua

Areto futbitoko 24 orduak pilotalekuan. Izen-ematea: liburutegian, udaletxean, gaztetxean eta gazte txokoan. Izena ematean jasoko diren datuak: taldearen izena, taldekide bakoitzaren izen-abizenak eta NANa. Ordainketa: 10 €.

Urtarrilak 3, domeka

Alebin eta infantilen futbito txapelketa.

Urtarrilak 4, astelehena

Haur parkea, eskolako patioan. Ordutegia: 11:30-13:30 eta 16:30-19:30.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak