Oinezko planak aldaketak izango ditu abenduan

Maider Arregi 2015ko aza. 20a, 08:00

Irailaren 25etik abian da oinezkoen plana. Herritarrek, baina, moldaketak egiteko aukera izan dituzte. Orain, Udal gobernuak proposamen horiek jaso eta hausnartu ditu eta egokitzapen berriak ere egin ditu.
Hala, moldaketa horien proposamena abenduko osoko bilkurara eramango ditu onar daitezen indarrean jartzeko.


Aldaketa berriak
Hiru dira proposatutako aldaketa nagusiak. Lehena, piboteen ordutegiari dagokio. "Ez dira 19:00etan jarriko; 20:00etan baizik. Dendarien ordutegiari ahalik eta kalte txikiena egiteko ordutegia aldatuko dugu", azaldu du Antzuolako alkateak Beñardo Kortabarriak.


Bigarren aldaketak Kalebarrengo piboteari eragiten dio:  egunero ez ixteko erabakia proposatuko du Udal gobernuak. "Aurrera begira, asmoa da hortik kendu eta Altzarte parean jartzea pibotea", dio alkateak.
Eta hirugarren proposamenak piboteak kontrolatzeko mandoekin duela zerikusia argitu du Kortabarriak: "Pibote automatikoak mando elektronikoekin zabaltzen dira. Orain arte, mando hori honako hauek dute, doan: ixten den gunean garajea duten bizilagunek; ixten den gunean bizi eta mugikortasun-arazoa duten hainbat pertsonek; ordutegi oso berezia duten merkatariek (okindegiak, adibidez) eta larrialdi zerbitzuek. Asmoa da abenduko osoko bilkuran aldaketen proposamena onartu eta gero, itxitako gunean dauden etxebizitzek mando bat eduki ahal izatea", azaldu du. Baina interesa dutenek eskatu egin beharko dute eta ordaindu. "Karga lagatzeko edo hartzeko, beste ezertarako ez da erabiliko mandoa. Bestelako erabileraren bat ikusiz gero (aparkatzeko adibidez), gaizki erabili duenari kendu egingo zaio mandoa eta ez zaio berririk emango. Udalaren iritziz ez da beharrezkoa zamalanak nahitaez gunea itxita dagoenean egitea (adibidez merkataritza-gunetik erosketekin etortzea). Eta mandoak kostu bat duenez, eskuratu nahi duenak, kostu hori ordaindu egin beharko du", azpimarratu du alkateak.


Abiadura eta norabideaz lotura duten aldaketak ere izango direla aurreratu du Antzuolako alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak