Beñardo Kortabarria: "Denok dugu aitortuta etxebizitza eskubidea"

Maider Arregi 2015ko urr. 7a, 15:00

Atzo, martitzena, egindako osoko bilkuran Kaleratzeak Stop plataformaren mozioa aztertu, eztabaidatu eta onartu zuten. EH Bilduren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin onartu zen mozioa. EAJ alderdia abstenitu egin zen.


Mozioak kaleratzerik gabeko herri baten aldeko deklarazioa egiten du. Eta era berean, onartzen duen Udalari zenbait ardura ere eskatzen dizkio. "Sei hilabeteko epean etxebizitza hutsen gaineko inbentarioa egin behar da; neurri batean informazioa badaukagu eta plataformaren mozioak eskatzen duena beteko dugu", azaldu zuen Beñardo Kortabarria alkateak.
EAJ alderdiak, hain justu ere, mozioak eskatzen dituen ardura horiei erantzuteko zailtasunak ikusten dizkio Antzuolako Udal gobernuari. Maria Eugenia Arrizabalaga jeltzaleak azaldu zuenez, herriari "handi" geratzen zaizkion ahaleginak eskatzen ditu Stop Kaleratzeak plataformaren mozioak. Hala ere, ados daudela zenbait neurrirekin gaineratu zuten osoko bilkuran atzo.
Bestalde, Beñardo Kortabarria alkateak azaldu zuen une honetan ez dagoela antzuolarrik desjabetze arriskuan eta etxebizitza eskubidea defendatu gura izan zuen. "Denok daukagu aitortuta etxebizitza eskubidea eta ahal dugun neurrian hori bermatzen saiatu behar gara; ezin dugu onartu jendea kalean bizitzen egotea".


Bestelako gaiak
Alderdi sozialistak aurkeztutako siriako errefuxiatuen gaineko mozioa aho batez onartu zen. Baina, onartua izan zedin EAJko zinegotziek eskatutako aldaketa egin zen sozialisten mozioan: Espainia hitza kentzea alegia, Espainiako Gobernua eta Estatua azaltzen zen lekuan.
Bestalde, Siriako errefuxiatuen gaineko Udalaren adierazpen instituzionalaren alde EH Bilduk soilik egin zuen. Sozialista eta jeltzaleak abstenitu egin ziren. "Ez gaude ados adierazpen instituzionalak daukan kutsuarekin; erakunde hori osatzen duen guztien adostasuna dela ematen du-eta", azaldu zuen Arrizabalagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak