Anelkar elkarteak antolatuta, Elkartasun Festa egin zuten atzo iluntzean Antzuolako Zurrategi plazan. Helburua zen elkarteak Senegalen eta Kongon dituen proiektuetarako dirua batzea, eta horretarako pintxoak eta edariak banatu zituzten. 400 pintxo saldu zituzten denera eta aipatzekoa da patata tortilla pintxoak, herritarrek euren borondatez egindako 26 tortillatatik atera zituztela.
Festak izan zuen berezitasunik, meiga batek ere hartu zuen-eta parte. Hala, queimada bat prestatu zuen Maruja izeneko meigak eta prestatu bitartean konjurua ere irakurri zuen Belen laguntzailearekin batera. Adi-adi jarraitu zuten antzuolarrek prozesua eta ez ziren gutxi izan behin prest zegoela, Galiziako likorea probatzera animatu zirenak. Guztira 10 litro queimada edan ziren Elkartasun Festan.
Anelkarrekoak, pozik
Pintxoen salmentekin eta bestelako diru-ekarpenekin 1.150 euro inguru batzea lortu zuten Anelkarrekoek eta adierazi dute pozik daudela herritarrek emandako erantzunarekin. Iaz 750 lortu zituzten eta aurten gora egin du herritarren elkartasunak. Anelkarren argazki galeria ikusgai hemen.