Auzolanean Antzuola hobeago baten alde

Maider Arregi 2015ko uzt. 24a, 13:20

Herri Lagunkoia proiektua martxan dago Antzuolan otsailaz geroztik. Parte-hartzearen bitartez adinduentzat herria egokitzea da helburuetako bat. Hala, nagusi eta herritar guztientzat Antzuola hobea lortzeko lanean dihardu herriko erretiratu talde batek.

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzak eta Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako proiektua da. Otsailaren 17ko osoko bilkuran onartu zen egitasmoarekin bat egitea, eta orduz geroztik, nagusiki erretiratuak diren pertsona talde  bat martxan dago.


Diagnostikoa eta lagunkoitasun plana osatu behar dute proiektuaren lehen fasean. Honen baitan, zortzi arlo desberdin jorratuko dituzte. Haietako bost landu dituzte jada. Lehenengo, aire zabaleko lekuak aztertu dituzte, herria adinduentzat zein puntutaraino prestatuta dagoen ikusi eta hobekuntzak proposatzeko.

Etxebizitzaren gaiari ere heldu diote eta etxebizitzetan igogailua jartzeko dauden diru laguntzak aztertu dituzte. Baita garraioarena ere.
Parte-hartzea sustatu eta herritar sarea sortzea ere bada Herri Lagunkoia proiektuaren helburua. Besteak beste, kanpotarrekin lan egiten duen Auzoko taldearekin harremanetan ari dira.

Orain arte landuriko azken puntua enplegua izan da. Honen harira, "oso ondo prestatuta" dauden herriko gazteak aintzat hartzeko eskatu dute.


Hau guztia jorratzeko bilera ugari egin dituzte otsailetik hona. Hala irailean egingo den udal batzarrean, jasotako akta jakinaraziko dute. Herritarrek Antzuolaren gainean egin duten inkestaren balorazioa ere jakinaraziko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak