Urtero bezala, balkoiak lorez apaintzeko lehiaketaren bozketa eta sari banaketa egingo dituzte jaietako egubakoitzean, gastronomia lehiaketa abian den bitartean. Bertan parte hartzeko ez da izenik eman behar; izan ere, jaiak heldu baino lehenagoko azken egunetan Udaleko ordezkari talde bat herrian zehar ibili da lorez apaindutako balkoiei begira, eta lehiaketa irabazteko hautagai izango diren sei hautatu dituzte.
Egubakoitzean, aukeratutako balkoien argazkiak jarriko dituzte paneletan ikusgai, herritarrek euren gustukoena zein den aukera dezaten. Argazkietan ez da balkoiaren jabearen izenik ageriko, helbidea baizik. Herritarrek euren gustukoaren alde bozkatzeko aukera izango dute. Kalebarrenen izango da hori, 10:30ean hasiko den gastronomia lehiaketarekin batera.
Bukatzean, balkoi bakoitzak zenbat boto jaso dituen jakiteko kontaketa egingo dute. Herritarren boto gehien jasotzen dituena izango da irabazlea, eta 100 euroko saria eskuratuko du Udalaren eskutik. Loreen sari banaketa gastronomia lehiaketakoarekin batera egingo dute.
Ohitura bilakatuta
1996an hasi ziren Antzuolan balkoi lehiaketa egiten. Aurtengo edizioa hemeretzigarrena izango da, horrenbestez.
Buztinzuri kalean bizi diren Pili Fernandezen eta Jokin Arantzabalen balkoia izan zen iazko lehiaketako irabazlea, antzuolarren erabakiz.