Android telefono mugikorretan eskuragarri dago uztailaren 5az geroztik Antzuolako jaixak izeneko aplikazio informatiko berria. Google Play Store-n izena bilatuz gero, zuzenean eta doan instalatu daiteke. Bestalde, Udalak argitaratutako jaietako egitarauan aplikaziora daraman QR kode bat azaltzen da, bertatik erraz deskargatu ahal izateko.
Ion Lizarazu gazte antzuolarrak diseinatu du erreminta berria, iniziatiba propioz. Horretarako, Udalaren laguntza izan du egitarau osoa eta informazio gehigarria eskuratzeko.
Aplikazioan, jaietako egitaraua, Antzuolako taberna, txosna eta jaietako gune desberdinak non dauden erakusten duen planoa eta festei buruzko informazio gehigarria topa daiteke. Hiru bloketan banatuta dago informazio guztia, eta "oso intuitiboa" dela aipatu du sortzaileak, "edonork erabiltzeko modukoa". Azaldu duenez, honezkero hogeita hamar deskarga baino gehiago izan ditu aplikazioak.
Segapoto
Antzuolako jaixak izenekoa ez da egin duen mugikorrerako lehen aplikazioa. Sistema informatikoen ingeniaritza ikasi zuen unibertsitatean, eta ikasketen amaierako proiektu gisa Segapoto aurkeztu zuen, bertsoak egiten laguntzen duen aplikazioa.
Ideia berritzaile honi esker, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako GipuzkoApp lehiaketa irabazi zuen iaz Manex Agirrezabal kidearekin batera.
Horrenbestez, aurrez bazuen aplikazio bat sortzen esperientzia. Berri honekin, baina, gehiago ikasi nahi izan du, "autoformakuntzaren bitartez" mugikorretarako garatu daitezkeen baliabideak ikusi eta frogatzeko. Horretarako, uneoro eskuragarri eduki daitekeen tresna praktiko bat garatzea otu zitzaion.