Aurtengoan, gainera, ikusmira berezia sortuko du ekitaldiak, lau urtetik behin gertatzen den bezala; izan ere, eratu berri den Udal gobernuko kideak lehen aldiz aterako dira plazaren erdira dantzarako haien abileziak herritarren aurrean erakustera.
Antzuolako esku-dantza egingo dute Udal ordezkari berriek, txistularein musikaz lagunduta.Horren aurretik, baina, Oinarin dantza taldeko neska-mutikoek ikurrin-dantza egingo dute. 20:00an hasiko dira hauek, eta ondoren iritsiko da alkatearen eta zinegotzien txanda.
Urtero jende ugari biltzen da Herriko plazan Antzuolako dantzari txikien zein Udal ordezkarien saioa ikusteko. Oraingoan, gainera, hasi baino pixka bat lehenago ume jaioberriei ongietorria egingo diete plazan bertan.
Egun handirako entseguak
Udalbatza berria entsegutan aritu da azken asteotan, egun handia iristean dantza ahalik eta ondoen egiteko asmoz. "Ridikulu handiegia ez egitea espero dugu", adierazi du Beñardo Kortabarria alkateak.
Hark azaldu duenez, udalbatza berriko kideek orokorrean ez daukate esperientzia handiegirik dantzan: "nahiko traketsak gara guztiok, eta ni neu izango naiz agian taldeko guztien artean okerrena". Hala ere, bakoitzak ahal duena egingo du.