Antzuolako jaiak 2015

Jaioberriei ongietorria eta nagusienei omenaldia egingo diete aurtengo festetan

Maite Txintxurreta 2015ko uzt. 10a, 11:30

2014 hasieratik 2015eko jaietara bitartean jaiotakoei zapia jarriko diete lehen aldiz Udal ordezkariek. Bestalde, oraingo domekan (uztailak 12) egingo duten jubilatuen bazkarira doazen hiru pertsona helduenei ere omenalditxoa egingo zaie.

Inguruko hainbat herritan errotuta dagoen tradizioa izanik ere (Bergara, Elgeta, Oñati...), orain arte Antzuolan ez da Udal ordezkariek ume jaioberriei ongietorria egiteko ohiturarik izan.

Oraingo honetan berriz, ekimen hau jaietako egitarauan txertatu dute. Uztailaren 16an egingo dute, 19:45ean Herriko Plazan, ikurrin dantza eta udalbatza dantza hasi baino lehen, hain justu ere. Orduan, Alkateak eta udalbatzako gainontzeko kideak haur jaioberrien gurasoak udaletxeko arkupetara deituko dituzte, txikiei jaietako zapia jarri eta Antzuolara zein bertako jaietara ongietorria emateko.

Jone Larrañaga kultura teknikariak azaldu duenez, jai batzordean pertsona batek ideia proposatu zuen, gero eta herri gehiagotan egiten dela-eta. Batzordeak ideia gogoz onartu zuen; "polita iruditu zitzaigun" dio.

Aurtengoa lehen aldia izanik, 2014. urte osoan eta 2015.eko jaiak bitartean jaiotako umeei egingo diete harrera, "borobiltzeko" eta denei aukera eskaintzeko.

Hala ere, hemendik aurrera ekimenari jarraipena emateko asmoa daukate, eta datorren urtetik aurrera urte batetik besterako jaien bitartean jaiotakoei egingo zaie harrera, Larrañagak azaldu duenez.

Atsolorra esaten zaio urtean zehar jaiotako haurrei harrera egiteko ohitura horri, eta eliza katolikoaren bataioaren ezarpenaren aurretik Euskal Herrian egiten zen erritu batean du jatorria. Garai hartan, emakume batek umea izaten zuenean, herrikide edo auzokideak hari laguntzera joaten ziren erditzearen ostean indarberritu arte.

Nagusienei omenaldia

Bestalde, domeka honetan, hilak 12, jubilatuek bazkaria egingo dute herri ikastetxean, eta ondoren dantzaldia ere izango dute.

Hitzordua aprobetxatuz, Udalak omenalditxoa egingo die herriko nagusienei, bazkarira bertaratzen diren hiru pertsona zaharrenei jaietako zapia ipiniz.

Landatxope erretiratuen elkarteko kideek ere jai batzordean parte hartzen dutenez, haiek proposatu zuten jaioberriei ongietorria egitearekin batera polita litzatekeela nagusienei omenalditxoa ere egitea, eta hala onartu zuten. Hasiera batean guztia ekitaldi berean egitea aurreikusi bazuten ere, azkenean jubilatuen bazkarian egingo dute.

Aurtengo zapia

Antzuolako Udaleko langile Valen Moñux izan da, duela sei urtetik hona bezala, 2015eko herriko festetako zapia diseinatzearen ardura izan duena. Jaietako ikur diren hainbat irudi ageri dira bertan: Mairua, hontza, dantzak, suzko zezena...

2008. urtera arte jaietako zapian herriko armarria agertu izan da urtero. Hurrengo urtean, baina, Mairuaren Alardea berriztu zutela eta, harekiko erreferentzia bat sartu nahi izan zuten, eta horretarako diseinu berri bat egitea erabaki zuten. Harrezkero, zapia urtero aldatzen joan dira. Hala ere, Jone Larrañaga kultura teknikariak azaldu du datorren urtetik aurrera diseinu finko bat erabiltzeko asmoa daukatela, urtetik urtera berria atera barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak