Antzuolako jaiak 2015

Musika, jaietarako ezinbestekoa

Maite Txintxurreta 2015ko uzt. 10a, 10:05

Txosna batzordeko kideak egitaraua aurkezten

Lasaienetik dantzagarrienera, estilo, adin eta gustu guztietarako musika emanaldiak izango dira aurtengo Antzuolako jaietan. Beti bezala, Herriko Plazan eta Zurrategiko txosnagunean izango dira kontzertu gehienak.

Hasteko, eguenean, Bentazaharreko mutiko alaiak boskotearekin kantu afaria izango da 22:00an, eta geroago, Hontzaren jaitsieraren ostean, haiekin kalejira egingo dute.

Egubakoitz gauean, berriz, erromeria izango da plazan Ingo al deu? taldearen eskutik.

Zapatu eguerdian, 12:30ean, Zurrategiko kioskoan kontzertua eskainiko du Bergarako Bandak, Alfredo Gonzalez Chirlaqueren zuzendaritzapean, Aurretik, kalejiran ibiliko dira erdigunetik.

Gero, gaueko 22:30etan, jada klasiko bihurtu den emanaldia izango da plazan: Joselu Anaiak. 23:00an suzko zezena egiten den bitartean atseden hartuko dute, eta hamaikak pasata ekingo diote berriro ere erromeriari.

Txosnetako egitaraua

Uztailaren 16tik aurrera Zurrategiko plaza izango da jai giroa metatuko den gunerik garrantzitsuenetarikoa. Hori bermatzeko, guztientzako egitarau zabala prestatu du txosna batzordeak. Eguenean, arratsaldeko zazpietan zabalduko dituzte txosnak, txanpanada eta guzti, eta lau egunetan zehar ia gelditu ere egin gabe arituko dira langile boluntarioak.

Egitarau honen barruan, musika ez da faltako, noski, asteburuan bereziki. Lehendabiziko kontzertua egubakoitzean izango da, eta bertan rock doinuak izango dira nagusi taula gainean. 22:30etik aurrera, Petti bakarlaria, Klak!son antzuolarrak, Arrasateko The Convicts eta Sukarra 37 goierritar gazteek girotuko dute gaua.

Zapatuan ere giro polita egongo da. 20:30ean hasita Skandalue elektrotxaranga arituko da kalez-kale herria dantzan jartzen. Gero, afalostean, kontzertuak hasiko dira Zurrategiko eszenatokian. Lehenik, hamaiketan, Joxe Replay baionarrek joko dute. 90. hamarkadako Joxe Ripiau talde ezagunaren bertsioak egiten ditu talde horrek. Haien erritmo karibetarrek dantzan jarriko dituzte herritarrak zein kanpokoak. Horren ostean, egitarauko talderik ezagunenetarikoen txanda iritsiko da: Itziarren Semeak. Talde bizkaitarra pasa den urrian argitaratutako "Revolta" disko berriaren aurkezpen biran dabil orain.

Amaitzeko, erromeria izango da Fan&Go zarauztarren eskutik. Badira urte batzuk txosnetan Joxpa taldearen erromeria izaten dela. Hala ere, aurten ezin izan dute etorri, eta erromeria zapatura aldatu dute, Herriko Plazan ere Ingo al deu?-k joko duela-eta.

DJak gaztetxean

Musika elektronikoa gogoko dutenek ere izango dute berau zuzenean entzuteko aukera. Zapatuan DJ jaia izango da gaztetxean, gauerdian hasi eta goizeko zortziak arte luzatuko dena.
Josu Aranburu, M_Nu, B2B, Keep_A, Mengu, Joseba eta Dani arituko dira nahasketa mahaian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak