Lehenengo, adineko mahaia osatuko dute. Hau da, zinegotzi zaharrena eta gazteena eseriko dira mahaiaren bueltan. "Lehendakaria zinegotzi zaharrena izaten da eta gazteenarekin batera eseriko da adineko mahaia osatuz; hortik aurrera, idazkariarekin batera emango zaio hasiera udalbatza eratzeko prozesuari", azaldu du Ana Hidalgo Antzuolako idazkariak.
Eta udalbatza berria eratzeko, zinegotzi bakoitzak banan-banan kargua hartu behar du. Kasu honetan lau aukera dituzte kargua hartzeko: "Formula ezberdinak daude: zin egitea, hitza ematea, zin egitea legearen indarrez eta azkenik, hitza ematea legearen indarrez", azaldu du idazkariak.
Alkatea aukeratu
Zinegotziek kargua hartu ostean, udalbatza eratuta geratzen da. Ondoren, alkatea aukeratu behar da; eta zerrendaburu bakoitzak bere burua aurkeztuko du. Boto gehien lortzen duena izango da herriko alkatea: Berñardo Kortabarria, Basilio Ormazabal edo Miren Gallastegi.