Udal hauteskundeetako emaitzen gainean zein balorazio egiten duzu?
Herri mailan oso balorazio positiboa egiten dut. Talde-lan bikaina egin dugula esango nuke. Jendeak ulertu eta baloratu egin duela gure lana uste dut. Inguruko herrietako eta Gipuzkoako emaitzek, berriz, penatu egin naute pixka bat; eta Nafarroa eta Arabakoek, aldiz, asko poztu.
Lau urte hauetan taldean egindako lanaren gainean zein balorazio egiten duzu?
Borondate ona bezalakorik ez dago gauzak ondo egiteko. Hala geneukan, eta, hanka-sartze batzuk gorabehera, lan ona egin dugula uste dut. Gainera, oker harturiko hainbat erabaki herritarrek zuzendu dizkigute. Hainbat eta hainbat herritarren inplikazio hori ere eskertu nahiko nuke.
Eta zure lanaren gainekoa, lan pertsonalari dagokiona, zela ikusi duzu?
Hartu ditugun erabaki guztiak taldean landuta hartu ditugu, eta horrek patxada ematen dio bati. Beraz, berriro ere, lau urteotan lortutakoa talde-lanaren uzta dela azpimarratu nahi nuke. Niri dagokidanez, egindako lana aberasgarria suertatu zait izan dudan taldeari eta herritarrei esker. Hori zen gure helburuetako bat eta uste dut herritik gertu sentitu gaituztela herritarrek.
Nolakoa ikusten duzu udalbatza berriaren etorkizuna?
Udal kudeaketan esperientziarik ez duten arren, konfiantza handia dut osatu den EH Bilduren zinegotzi taldearengan. Guk ikasi dugun bezala, haiek ere ikasiko dute; aldamenean izango gaituzte, gainera, edozertarako. Aipatu gura dut herrikoak ez diren zinegotziek ezer gutxi gehitu dutela azken lau urteotan. Ez daukat esperantza handirik aurrerantzean egingo dutenaren inguruan. Asko poztuko naiz oker baldin banabil.
Aurrerantzean lanean jarraituko duzu?
Talde-lana eta parte-hartzea indartzen jarraitu behar dugula uste dut; ni ere horretan ibiliko naiz, Udalean daudenei laguntzen.