Alkategaiak ezagutzen

Basili Ormazabal: "Herrian parte hartu beharra neukala argi izan dut 20 urte nituenetik"

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Basili Ormazabalek (Zumarraga, 1956) bi hamarkada baino gehiago daroa udal jardunean. Datozen hauteskundeetan bera izango da EAJren alkategaia. Aurre-erretiroa hartuta, gogotsu dago lanean hasteko, orain "asti gehiago" izango baitu. Hirigintza eta kultura ditu oraingoan interes berezi eta ardura bat handia, autobideko lanek herriaren garapena zelan "baldintzatu" duten. 

Azkenean zeu zerrendaburu, zerk bultzatua hartu duzu ardura?
Kontuan izan behar oraingo agintaldian EAJ Antzuolako udalbatzan egon dela baina parakaidistekin ze taldea osatzeko ez ginen kapaz izan. Lan eta dedikazio handia eskatzen du udal jardunak eta ez ginen gauza izan zerrenda osatzeko orduan. Azken momentuan, hortaz, Gipuzkoako Alderdi Jeltzaleak osatu zuen zerrenda. Oraingoan ere nahikoa arazo izan dugu, ez pentsa.
Nik argi daukat demokrazia sartu zenetik EAJk egin duela herri honen eraldaketaren parterik handiena eta Antzuola bera begiratu besterik ez dago. Ni antzuolarra naiz baina Oñatin asko ibilitakoa, han egin nuen batxilerra, adibidez; astero joaten naiz hara, eta galdetu ohi diet oñatiarrei ea Antzuola ezagutzen ote duten. Guztiek esaten didate zenbat aldatu den eta zelako polit dagoen. “Herri polit” horretan EAJk zeresan handia izan du. Hala eta guztiz ere, zailtasunak dauzkagu jendea erakartzeko. 

Zu herrikoa izanda, hortaz, zer balio erantsi diezaioke horrek alkategaiari?
Herriaren, jendearen eta gaien ezagutza. Kanpotik datorren bat bileretan galduta aurkitzen da. Hala ere, parakaidista ona izanez gero, asko eman diezaioke herriari, zeren sarri geu gure barruan gaude sartuta eta kanpoko ikuspegi batek mesede egin dezake. Parakaidista onak badaude. 

Etxean zelan hartu dute albistea?
Badakite besterik ez dagoela. Emazteak nahigabe apur batekin hartu du baina onartua du. Uste baino hobeto, alabek hartu dute. Bi dauzkat, biak kanpoan daude uneotan, eta badakite nire ideiak zeintzuk diren. Egoera ere ezagutzen dute eta ondo hartu dute.

Nolabait esatearren, grina politiko hori duen senide bakarra zeu zara?
Gure ama jeltzalea zen eta lan handia egin zuen; buru-belarri zegoen sartuta. Aita antzuolarra zen eta ama oñatikoa. Gerra garaian kartzelan egondakoa genuen ama, irakaslea, eta sinesmen handikoa. Arreba ere denbora baten ibili zen politikan sartuta.

Konpromiso pertsonaletik, militantziatik, betebeharra delako… Nondik heltzen diozu erronkari?
Herri txiki baten, herritar bezala herrian parte hartu beharra neukala argi izan dut 20 urte nituenetik. Herriko talde eta elkarte askoren kide naiz, Aiastui Peñan edo Olalden, parrokian… Deitu izan didaten leku guztietan hartu dut parte, dela guraso elkarteko diruzain bezala, dela Arrolan, eskolan… Gaur egun elizako diruzaina naiz oraindik, abadeak orain 20 urte eskatu zidanetik. Udaletxera ere 1995ean sartu nintzen eta hemen jarraitzen dut. Hau azkena izango da baina, argi daukat; halaxe agindu diot emazteari ere. 

Irakaspenik utzi dizu udal politikan hainbeste urte jardun izanak?
Maila pertsonalean, asko. Deseatzen nago hauteskundeak iragan eta lanean hasteko. Lanari beldurrik ez diot eta ondo ezagutzen dut herria. Ogasunean jardun dut, kulturan ere bai… eta oraingoan asti gehiago dudanez, sakonago sartzeko asmoa daukat. Diru kontuetan ibili izan naiz batez ere, ekonomialaria izanda, baina oraingoan bestelako gaiei heltzeko gogoz nago.  

Interes berezirik?
Hirigintzan gustatuko litzaidake egitea nire ekarpena. Legealdi hau baldintzatu egin du gure Larraitzek [Larraitz Ugarte, Azpiegitura eta Mugikortasun Diputatua] utzitako patata beroak. Agindu ziguten 2015eko apirilerako amaituta egongo zirela autobideko lanak baina ikusten genuen ez zela posible izango eta gainera, artean ere, EAJri leporatu dio errua. Lan horiek asko eragiten die Antzuolari ze horren atzetik beste pare bat obra datoz. Bergarara joateko bidegorria, adibidez. Argi dago saihesbidea egiten denean zirkulazioa murriztu egingo dela eta askoz erosoago ibiliko garela. Beharrezkoa da bidegorri bat, jende asko lanera etortzen baita Bergaratik Antzuolara ala aisialdian paseatzen ibiltzeko.
Ur zirkinen kolektorea ere beste lehentasun bat iruditzen zait. Antzuola 1980an aitzindari izan zen kolektorea egiten baina Matzerrekan, Aristi parean, errekara ateratzen da eta hango baserrikoak nazkatuta daude. Hori ere konpondu beharrekoa da.
Horiek guztiak, ordea, esan moduan, baldintzatuta daude. Lan horiek amaitutakoan Antzuolako saihesbidea herri barruko bide bezala geratuko da eta horrek eskatzen du bestelako lanak egitea. Agian bi biribilgune egin litezke, denborarekin. Hala ere, orain dela 8 urte agindu ziguten biribilgunea egingo zigutela eta nik uste Antzuolak honezkero merezi zuela biribilgune hori, hainbeste zarata eta eragozpen jasanda. Autobusak oraindik herri barnetik pasatzen dira eta hori ere ezin da izan. Orain gainera, agian ideia ona da, baina autobusak maiztasun handiagoarekin datozenez, desastre hutsa da. 

Bestelako ardurekin ez zabiltzan denbora zertan ematen duzu? Zein zaletasun?
Oso bizikleta-zalea naiz eta orain gainera motor elektrikoa ere badaukan mendiko bizikleta erosi dut eta kategoriakoa da. Leku asko ezagutzen ari naiz, baita Antzuolan bertan ere. Sekula egion gabeko baserri bat deskubritu nuen aurreko baten, adibidez. Antzuolatik gora irten eta sekulako txangoak daude: Degurixa, Aloña... Kirol asko egindakoa naiz, Quebratahuesos lasterketan parte hartutakoa naiz, adibidez, orain dela 12 urte. Ortua ere badaukat eta oso gustura ibiltzen naiz. Etxeko-lanak ere egiten ditut, noski. Ez nabilenez lanean, neu arduratzen naiz etxeko kontuez. 

Aktualitatea gertutik jarraitzen duzu?
Goizean jaiki eta lehenengo gauza irratia piztea izaten da eta gauez ere, lehen telebista ikusten geratzen banintzen ere, gaur egun irratiarekin oheratzen naiz. Ganbara eta Javier Vizcainoren saioak ditut gustuko. Euskal Telebistaren kontsumitzaile sutsua ere banaiz. Askotan esaten didate ematen duela gure etxean kate bakarra dagoela. 13 telebista ere ikusten dut asko baina hori gertatzen zait piztu eta agertzen den lehen katea hori delako eta gure telebistan kateen ordena aldatzea oso zaila delako [barre]. 

Beraz, teknologia kontuetan ez zara oso iaioa, ageri denez.
Batere ez. Internet erabiltzen dut eta maila baten moldatzen naiz. Matzerrekan lehenengo ordenagailua 1980 eta pikuan ipini genuen eta ibiltzen nintzen baina Word eta Excel-az harago, ez. Gainera, hain da aldakorra guztia…

Egunkaria bai, ezta?
Egunero irakurtzen dut Noticias de Gipuzkoa, harpidedun naiz. Gurean betidanik Deia irakurri da eta gure etxean beti jaso da. Tabernetan beste egunkariak ere irakurtzea gustatzen zait. Egunkaria-ko harpidedun ere banintzen eta gerora Berria ere jaso izan dugu baina zail egiten zait erabiltzen dute euskara ulertzea. Euskaraz irakurtzeko ahalegina egiten dut, hala ere.

Euskaraz eta gaztelaniaz gain, beste hizkuntzarik?
Eskolan frantsesa ere ikasi genuen eta esan dezaket "je parle français avec facilité"  baina orain ahaztu samar daukat. Frantziara joanez gero, baina, uste dut moldatuko nintzatekeela. Lan kontuengatik, ingelesa ere uler dezaket zerbait idatziz. Alaba Ingalaterran bizi da eta aurki joango gara bisitan eta orduan pilak jarri beharko ditugu!

Bidaia zalea zara?
Ezagutzen ditut lekuak; ibiliak gara hara eta hona. Nik neuk, hala ere, gurago hemen lasai ibili. Urtean hiru-lau bider egiten ditugu irtenaldiak emazteak eta biok.

Udal jardunean kulturan ibiltzea gustatuko litzaizukeela aipatu duzu. Zure esku balego, ze abeslari ala talde ekarriko zenuke Antzuolako jaietara?
Asko gustatzen zait musika. Asko entzuten dut Gatibu eta Alex Sarduiren abesteko era eta duen estiloa asko gustatzen zaizkit. Bizkaieraz abesten du gainera, eta hori ederra da. Ruper Ordorika ere asko; nire kintakoa da eta laguna ere bai, batxiler denboretatik. 

Maitasun handia diozu Oñatiri, ezta?
Astero joaten naiz Oñatira, harreman handia dut, Bergararekin, adibidez, ez daukadana. Jaiotzaz Zumarragakoa banaiz ere, ez dut larregi ezagutzen. Emaztea Lazkaotarra da eta Goierri bai, han ibilia naiz. 

Hauteskundeak bihar balira eta irabaziko bazenu, zein litzateke egingo zenukeen lehen gauza?
Kale garbitasunak arduratzen nau zeren badago ohitura edozer antolatu ala protesta egiten denean, ingurua pintada eta kartelez jostekoa. Ondo iruditzen zait kartelak jartzea baina gero kendu egin beharko lirateke. Atez atekoari buruz, gustatuko litzaidake datu guztiak mahaiaren gainean jartzea: zenbat biltzen zen lehen eta zenbat orain, zein kostu material eta ekonomiko… Antzuola probatarako kuia bezala hartu zuten eta zentzu horretan, herri txiki eta ona da Antzuola proba egiteko. Nik uste dut nahiko onartua dagoela, inposatua izan bazen ere, baina uste dut datu guztiak jakin beharko genituzkeela. Saldu ziguten merkeagoa izango zela amaieran, faktura gutxituko zuela, baina egia dena da 2010ean Antzuolan tasetan kobratzen zenarekin kapaz zela aurre egiteko eta azkeneko 3 urteetan ia 250.000 euroko zuloa egin digute. Diru horrekin Antzuolan kultura mailan gauza asko egin zitezkeen, adibidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.