Olamendiko senar-emazteen omenezko plaka jarri du Udalak

Maider Arregi 2015ko api. 11a, 13:00

Antzuolako Udalak, Jose Mari Ugalde eta Josefa Okarantza senar-emazteek herriari egindako ekarpena eskertu gura izan du gaur eguerdian (apirilak 11). Olamendi baserriko senar-emazteen omenez, plaka bat jarri dute Torresoroa atzealdeko berdegunean.

Omenaldian izan dira Jose Mari Ugalde eta Josefa Okarantza senar-emazteen lagunak eta senideak. Jose Mari Ugalderen anaiak ere bertan izan dira. Ima Beristain alkateak lore sorta eman die Lorentzo Ugalde (85 urte egiteko) eta Agustin Ugalderi (80 urte).

Nagore Dos Santos Gizarte Ongizateko zinegotziak, Olamendikoek herentzian Udalari utzitako aportazioa eskertu gura izan du. "Gizarte zerbitzuetan gastatzeko dirua utzi gura izan diote Udalari. Horri esker, erretiratuendako gimnasia parkea egitea posible izan da. Gainontzeko dirua, oheak, muletak... beharrezko materiala erosteko erabili da. Modu horretan, beharra duen herritarrak ez du itxaron beharko Diputazioak noiz eman ahal izango dion beharrezko materiala", azaldu du.

Hunkituta gogoratu ditu Begoña Aiastui Ugaldek osaba eta izeba: "Euren erabakia izan zen eta guk errespetatu dugu herrirako ona delako. Izeba, etxeko emakume zuzena zen; osaba aldiz, gizartearekin oso gizon konprometitua".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak