Antzuolarrak haserre, oso kezkatuta eta nekatuta daude Deskarga-Antzuola autobideko lanekin. Eta orain, lanok eten izanak zer ekarriko duenaren beldur dira. Larraitz Ugartek, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, argi dauka herritarren segurtasuna bermatu gura duela Diputazioak.
Horregatik proiektu berria egingo dutela azaldu zieten atzo, martitzena, egindako batzarrean herritarrei. "Legeari iruzur egin geniokeen eta obrari partxeak jartzen jarraitu. Baina, gero obra hori horrela irekiko zen eta guretzako ezinbestekoa da errepidean jendea lasai ibiltzea, seguru egotea", azaldu zuen Larraitz Ugartek.
Proiektu bideragarria
Bederatzi gunetan aurreikusita ez zeuden lur-jauziak azaldu dira. Joseba AltubeK, Bide Azpiegituretako zuzendariak, harkaitza eta buztina nahastuta daudela esan zuen. Horrek desegonkortasuna eragin duela eta era berean gain karga ekonomikoa dakarrela. Proiektua ez zela bideragarria azpimarratu zuen.
Obraren %67a eginda dago: Ipurtika, Goizper eta Lapatzako zubi-bideak eginda daude-eta. Proiektu berriak, bideragarria izango denak, Bergarako bidegurutzeari irtenbide hobea emango dio eta mugimendu guztiak desbideratzeko biribilgune bat jasoko du. "Udaren bueltarako proiektua eginda egongo da eta abendua eta urtarrila artean hasiko dira lanak berriro", gaineratu zuen Ugartek.
Herritarrei erantzuna
Lanok guztiz bukatzean, Bergararainoko bidegorria egingo dela agindu zieten herritarrei Diputazioko ordezkariek. Zupideko biribilgunea ere laster egingo dutela gaineratu zuten. Herritarren eskaerei eta kexei erantzunez, futbol zelairako bidea eta zenbait baserrietako sarrerak konponduko dituzte. Hala, herritarrek kexak jartzeko bulegoa zabalik dute Diputazioaren asmoa da-eta herritarren arazoei irtenbidea ematea. Proiektu berriaren obra abendua eta urtarrila bitartean hasiko da martxan.
Aipatu, autobidearen Urretxu-Antzuola zatia, hil honen bukaeran zabaldu gura dutela.