"Antzuolako EH Bilduk Antzuola aldatzen (h)ari gara lemapean egin genuen lehen bilera joan zen urtarrilaren 8an. Bertara lagun mordoxka bat hurbildu zen eta denon artean agintaldi honetako balorazioa egiteko aukera izan genuen. Hala ere, hau ez zen lehen pausua izan. Gabon aurretik eta bitarte herritar desberdinengana hurbildu ginen e-mail bitartez zein aurrez aurre eta urte hauetan egindakoaren inguruan galdetu genien: Zer izan zen hoberena? Zer hobetu beharko genuke? Datozen lau urtetara begira nolako Antzuola nahiko zenuke? Galdetegietako emaitzak urtarrilaren 8ko bilerara eraman genituen arloka bananduz (hirigintza, euskara, komunikazioa, ingurugiroa…) eta elkartutakook modu irekian hitz egiteko aukera izan genuen. Bertan aipatutakoen artean Udalak herritarren parte-hartzea sustatzeko eta Udala herriarena izateko eginiko ahalegina azpimarratu zen. Komunikazioan lan asko egin dela aipatuz eta ibilbide honetan, Auzoko programari garrantzia emanaz. Honez gain, herrian herrigintzak eta auzolanak izan zuen garrantzian oinarrituz, hauek babestu beharra dagoela ere esan zen, bai Udalaren aldetik baina batez ere, herritarren esku-hartzetik. Bilera honetan proposatu zen Beñardo Kortabarria alkategaia izatea", azaldu du Antzuolako EH Bilduk.