Hartzaz, tximinoaz eta hezitzaileaz gain, erle erraldoia eta zirkua ere bai Antzuolan

Txomin Madina Milikua 2015ko ots. 15a, 17:21

Azken 25 bat urtean egin bezala, Oinarin dantza taldekoen erakustaldiak girotu du Antzuolan Aratusteetako domeka eguerdi partea. Euri-jasen eraginez  ezin izan dute goizean kalez kale dantzatu, eta eskolako patioan egin dute dantza handiek zein txikiek.

Askotariko mozorroak zeramatzaten dantza taldeko neskatila-mutikoek  Euskal Herriko hainbat dantza egin dituzte, besteak beste txankarrankoa, Andre Madalen fandangoa, Zuberoako makila-dantza eta Goiulari. Taldeko nagusiek bestalde, ikurrin-dantza berezia egin dute, Gure Esku Dago ekimenari babesa adieraziz, ikurrina beharrean oihal ezberdinez osatutako bandera erabili dute-eta.

Herrikoa bertakoa den sorgin-dantzak ere ezin zuen hutsik egin Antzuolan Aratusteetan, eta Oinarineko kideak ez direnek ere hartu dute parte bertan. "Erdia inguru izan gara taldekoak; besteak dantza egitera animatu diren herritarrak izan dira. Aurten, esaterako, lau berri izan ditugu. Gustura ibili direla esan digute, eta horrekin, gu ere gustua", zioen ekitaldiaren ostean Oinarineko Jon Legorburuk. Txulalai jendetsuak eman dio amaiera ekitaldiari.

Dantzariekin batera, urteroko bisitariak, hau da, tximinoa, hartza eta hezitzailea izan dira ekitaldiko protagonistak. Hartza eta tximinoa ia etengabe ibili dira publikoarengana eta dantzariengana gerturatu eta zirikatzen, eta hezitzaileak ahal izan duen moduan baretu eta kontrolatu ditu.

Mozorro ugari

Eguraldi txarrari aurre egin, eta hainbat izan dira mozorrotuta irtetera animatu diren kuadrillak. Zurrategi plazako kioskoak esaterako, Andaluziako zaporea izan du, eta zirkua ere ibili da kalean gora eta behera. Eta normalean eguraldi txarrarekin ezkutatzen diren erleak ere ikusi dira Antzuolan.

 

 

Erlazionatuak

ARGAZKI GALERIA: Aratusteak 2015 Antzuolan

Txomin Madina Milikua 2015 ots 15 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak