Inbertsio gehiago egingo dira aurten aurrekontuen diru-sarrera igo delako

Maider Arregi 2015ko urt. 21a, 16:25

2015erako Antzuolako aurrekontua 2.626.968 eurokoa da; iaz baino 100.000 euro inguru gehiago ditu aurtengoak. Horrek inbertsio gehiago egiteko aukera emango dio Udalari. Inbertsio garrantzitsuena herri barruan egingo den oinezkoendako plana izango da.

Onartuta 2015erako aurrekontua.  Atzo, martitzena egin zen ezohiko osoko bilkura. Aurtengo aurrekontua Bilduren sei aldeko botori esker onartu da. EAJ alderdiko bi zinegotziek aurka bozkatu dute. 
2015erako aurrekontua bi milioi eta seiehun mila euro pasatxokoa da; iaz baino 100 mila euro gehiago ditu. Diru sarrera handiagoa denez, inbertsio gehiago egiteko aukera izango du aurten Antzuolako Udalak. Aldundiko foru funtsetik diru kopuru gehiago jaso du Udalak eta zorra ere gutxitu izanak eragin du aurrekontuen sarrera aurten handiagoa izatea. Horrek noski, inbertsiorako aukera handitu egin du.

Oinezkoendako plana

2015ean Udalak egingo duen inbertsiorik garrantzitsuena da oinezkoendako herriko kaleetan egingo den plana. 12.000 euro bideratuko da horretarako. "70 sinadura jaso ditugu eskola eta parke ingurua  oinezkoendako bilakatzeko eskatuz. Herritarrekin batera adostutako plana da; proba moduan jarriko dugu hasieran eta aukerak zabalik utziko ditugu aldaketak egin behar badira egiteko", azaldu du Ima Beristain alkateak.

Inbertsio dezente aurten  

Irisgarritasun planarekin ere jarraituko dute aurten. Hala, udaletxean igogailua jarriko da eta sarrera egokitu. Eskolako atea ere egokitu egingo da eta automatikoa bilakatu. Modu horretan eskolako beroak ez du alde egingo atea ez delako irekita geratuko. Pilotalekuko atea ere berritu egingo da hondatuta dagoelako. Aisialdirako, berriz, 25 mila euro bideratuko dira eta aurten skate partea egingo da. "Udalak materiala zuen lokala hustu du eta skate parkea jarriko da bertan. Gazteendako pinponeko mahaiak ere jarriko dira".

Bestalde, baserriko ur-sarea osatzeko eta auzo-konposta herritar gehiagori zabaltzeko diru-partida bat ere bideratuko dela azaldu du Beristain alkateak.

EAJ-ren desadostasuna

Inbertsioekin ados egon arren, formekin ez dagoela ados azaldu du EAJ-k. Aurrekontuak zehaztasun gutxikoak eta anbizio txikikoak direla gaineratu du Maria Eugenia Agirrezabalaga bozeramaileak. Hondakinen bilketak urtetik urtera defizita eragiten duela azpimarratu gura izan du: "Zaborrak eragindako defizita urtetik urtera handiagoa da; diru horrekin beste gauza asko egin daitezke. Herritarren esku utziko genuke  ea zer pentsatzen duten gai honetaz eta diru horrekin zer egin nahiko luketen".

Ima Beristain alkateak Agirrezabalagari erantzunez hauxe argitu gura izan du: "Hori Agirrezabalagaren iritzia da. Ez dakigu ze datutan oinarritu den. Gastu arrunten eta kapital transferentzien kontzeptuak ezin dira sako berdinean sartu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak