Gertu izan du garaipena Antzuolak gaur arratsaldean Eztalako futbol zelaian, partidua 2-2 amaitu da ostera. Gainontzeko partiduetan, Aretxabaletak galdu egin du Touringen zelaian (1-0); hala ere, Valleren mutilek lider jarraituko dute, puntu bateko abantailaz. Bergarak 1-1 egin zuen Zarautzen, eta Aloña Mendik domeka arratsaldean jokatuko du. Erregional preferentean, azkenik, Mondrak 1-1 egin zuen atzo Tolosan.
Antzuolak itxura ona eman du lehen zatian, aukera garbienak eurenak izan dira eta horrela 10. minutuan Josu Zubikaraik aurreratu du etxeko taldea areaz kanpoko jaurtiketa bikain batekin.
Aurrera zihoan denbora eta taldeak erakutsi du ez zela konforme markagailuarekin, lasaitu ezean aurrera begira jarraitu dute eta horren erakusle izan dira Ordizia taldearen arean eduki dituzten aukeretako batzuk.
24. minutuan zelai erdian Ordiziarrek lapurtutako baloi batek eman dio hasiera Goierritarren kontraeraso bati eta 1-1ean utzi dute markagailua.
Lehen zatia bukatzear zela antzuolarrak markagailuan aurreratu dira ostera (2-1).
Bigarren zatian ez dira hainbeste aukera egon ate aurrean eta bi taldeen arteko lehia nabaria izan da, hainbat txartel hori eta txartel gorri bat erakutsi ditu epaileak; gorria, baina, Antzuolakoendako izan da.
Gauzak horrela, partidua amaitzeko gutxi falta zela, Ordiziak lehia berdindu du (2-2, 85. minutuan), eta halaxe amaitu da partidua.