Maite Telleria: "Auzoko egitasmoaren gaineko balorazioa oso positiboa da"

Maider Arregi 2014ko abe. 19a, 08:00

 
Maiatza bukaeran jarri zen abian euskaratik urrun dauden herritarrak euskaratzeko Auzoko egitasmoa. Hala, auzotarrak –euskaratik gertu daudenak– eta auzokideak –euskaratik urrun daudenak– euskara modu ludiko batean ikasteko helburuarekin bildu dira eguaztenero.


"Herriko talde eragileekin parte hartzen saiatu gara eta inplikazio horri esker, Auzoko dinamiketara etorri direnek harremanak sustatu dituzte. Modu horretan, eguneroko bizitzan, errazagoa da lehen hitza euskaraz egitea", azaldu du Maite Telleria Auzoko dinamizatzaileak.

Izan ere, elkar ezagutzeko aukera dute eta kalean euskaraz zuzentzea errazten zaie auzokideei. Jarduera puntualetan, beste pertsona batzuekin batzeak ekimena aberastu duela dio Telleriak. "Aurreko astean, esaterako, gaztetxekoek gonbidatuta elkarrekin afaldu genuen. Erlazioak lotzen lagundu zuen ekintza horrek. Gainera, pixka bat elkar ezagututa, egunerokoan euskaraz jardutea lagungarriagoa da kalean elkartzean".
12 auzokide eta 14 auzotar izan dira modu zuzenean eskoletan parte hartu dutenak. Baina, bestelako ekintzatan auzotar kopurua handitu egin da.

Erronka berriak 2015ean

Udalak Auzoko egitasmoarekin jarraitzeko asmoa dauka 2015ean. "Parte-hartzaileak mantendu eta berriak bilatu gura ditugu. Ez  da talde itxia eta ez dago astero etorri beharrik. Saiakerak egon diren arren, emakume auzokide gutxik hartu du parte eta emakume gehiagorengana jo nahi dugu. Eskolarekin harremana egin eta gurasoak aniztasunaren gainean sentsibilizatu; baita talde eragile berriak animatu ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak