Antzuolak Anaitasuna izan zuen aurrean zapatu arratsaldean Eztalan. Etxeko taldeak nahiko ondo hasi zuen lehia, taldea ondo kokatuta egon zen zelaian. Batez ere defentsan erakutsi zuen sendotasuna Antzuolak.
Bertan behera utzitako gola
Atzean sendo eta aurrera irteteko gogoz eta indartsu. Horrela zeuden etxeko jokalariak. Gola egiteko amorruz. Bada, Altzetak izan zuen markagailua estreinatzeko lehenengo aukera. Antzuolako jokalariak baloia sareetara bidali zuen, baina gola bertan behera utzi zuen epaileak. Hasiera batean, epaileak ontzat eman zuen gola; baina, marrazainak jokoz kanpo adierazi zuen. Muruamendiaraz entrenatzaileak oso zalantzazkoa izan zela erabakia esan zuen partidu amaieran.
Hortik aurrera, bi taldeek nor baino nor gehiago jokatu zuten. Partidu parekatua izan zen eta Antzuolak nahi baino gehiago sufritu zuen.
Aldaketa ekarri zuen aldaketa
Atsedenaldian Antzuolak Josu Zubikarai atera zuen zelaira Julen Sanzen ordez. "Erasora begira egindako aldaketa izan da", azaldu zuen entrenatzaileak. Modu horretan, etxekoek aurkarien bizkarra bilatu nahi izan zuten. Bilatu bakarrik ez; baita aurkitu ere. Izan ere, aldaketa hori partiduko gakoa izan zen.
Bigarren zatiko 15. minutuan, ezkerreko hegaletik Oinatzek baloia erdiratu eta boleaz, Zubikaraik, gola egin zuen. Gol ikusgarria izan zen. Bost minutu ez ziren pasa, etxekoek bigarrena sartu zutenerako. Kontraeraso azkar batean Danel atezainaren aurrean bakarrik geratu, hari iskin egin eta atea hutsik zuela baloia sareetan sartu zuen. Partidua bideratuta utzi zuten antzuolarrek bi gol horiekin.
Anaitasunak baloi luzeak bidali zituen Antzuolari min egiteko asmoz, baina atzean ondo kokatuta jarraitu zuten etxeko mutilek eta arazori barik atera zituzten baloiak atzetik, euren atea hutsean mantenduz.