Ikasturte berria ekiteko prest dago Antzuolako gaztetxea, eta, euren lana ahalik eta eraginkorrena izateko eta gaztetxearen beraren funtzionamendua zehazteko, batzarra egin zuten urrian hango ordezkariek.
Hamabost bat lagun elkartu ziren eta gaztetxean hobetu beharreko hainbat alor zeudela adostu zuten; besteak beste, gaztetxe dinamikoa izatea, jarraipena bermatzea, formazioa, helburu ekonomikoak, herrira zabaltzea, taldearen motibazioa eta barne antolakuntza bermatzea.
Azken horri lotuta hartu zen erabakirik garrantzitsuena: ikasturte berrirako, funtzionamendu berria izango du gaztetxeak. Aurrerantzen bi lantalde izango ditu bakarrik: komunikazio taldea eta arlo ekonomikoaz arduratuko den taldea. "Orain arte sei lantalde izan ditugu, mantenimentua, komunikazioa, elkatrukea, parte-hartzea, diruzaintza, eta ikus-entzunezkoa, baina ikusi genuen ez zela oso eraginkorra horrenbeste talde izatea eta bitan uztea erabaki genuen. Aurrerantzean, komunikazioan eta arlo ekonomikoan lan egingo dugu buru-belarri", esan dute gaztetxeko ordezkariek.
Bi lan talde horietako proposamenak edo beste herritarren batek, talderen batek edo eragileren batek egindakoak batzarrean aztertu eta onartuko dira. "Astero, egubakoitzetan, 18:00etan egiten ditugu batzarrak. Irekiak dira eta han zehazten ditugu egin beharreko ekintzak eta jarraitu beharreko pausuak. Gaztetxeko erabaki guztiak batzarretan hartzen dira", zehaztu dute gaztetxeko kideek.
Motibazioa
Gaztetxearen funtzionamendua adosteko batzarrean talde motibazioaz ere berba egin zuten. Gaztetxearen inguruan mugitzen diren gazteendako ekintzak egin eta bultzatzearen garrantzia azpimarratu zuten.
Horren harira, motibazioa eta taldekako jarduerak egiteko proposamenak egin zituzten. Hilero gaztetxean afari bat egiteko beharra azaldu zuten –lehena, hilaren 12an egin zuten–, eta taldekako jarduerak indartze aldera aste bukaerako irteerak ere beharrezkoak direla esan zuten.
Bestalde, gaztetxeak antolatzen dituen ekintzatan ateratako argazkiak erakustsi egin behar direla adostu zuten. "Gure webgunean, Antzuolakogaztetxia.info-n ikusgai daude argazkiak, baina akaso beste formatu baten erakutsi beharko genituzke. Herritarrengana heltzeko beste modu bat da. Gure ekintzak herrira zabaltzeko. Nahiz eta antzuolarrek badakiten gaztetxe bat dagoela herrian eta irekia dela. Edonork ekar dezake proposamenen bat edo egin dezake iradokizunen bat", diote ordezkariek.
Kontzertuak
Urrian egindako batzarrean bestalde, urtea bukatu aurretik egingo dituzten ekintzak adostu zituzten. Hilaren 22an bat egingo dute Antzuolaren eta Aiherraren senidetzearen 30. urteurreneko ekitaldiekin. Hori horrela, egun horretan egingo duten Gaubeilaren ostean kontzertua egongo da gaztetxean: D-Pintxos eta Neke Politikoa taldeek zuzenekoa egingo dute.
Abendurako kontzertuak ere lotuta dituzte dagoeneko. Abenduaren 26an Hiba Kusha eta Taupada taldeek kontzertua egingo dute eta abenduaren 27an, Europatik bira egiten diharduen talde baten bisita espero dute gaztetxean. Oraindik ez dute ordua zehaztu.