Aiherrara egindako bisitaren ostean, itzulerakoa prestatzen

Mireia Bikuña 2014ko urr. 31a, 11:05

Antzuola eta Aiherraren arteko harremanaren 30. urteurreneko lehen ekitaldiak joan den astean ospatu zituzten Aiherran. Haraino joan ziren Antzuolako herritarrak eta udal ordezkariak. Guztira, 50 bat lagun inguru. 

Egun osoko festa egin zuten, eta tartean bi herrien arteko hitzarmena sinatu zuten Ima Beristain Antzuolako alkateak eta Arño Gastanbide Aiherrako alkateak. Ekitaldian egon zen Mertxe Aizpurua Udalbitzako lehendakaria. Ostean, zuhaitza landatu zuten. Elkarrekin bazkaldu ostean, dantzaldia egin zuten Kiki Bordatxo taldearekin. Gainera pilotan ere jokatu zuten. Antzuolako ordezkariak izan ziren Ibai Larrea eta Xabi Jauregi gazteak.

Aiherrako festa bukatzeko kontzertu erraldoia egin zuten hiru taldek: Goliath, Governors  arrasatearrek eta Ze esatek.

Hitzaldia 

30. urteurreneko joaneko ekitaldiak egin ostean, itzulerakoak geratzen dira: azaroaren 22an egingo dituzte ekintzok Antzuolan. Egun handia horixe izango da, baina aurretik, azaroaren 5ean, Euskoa-ren gaineko hitzaldia egingo dute: Euskoa: Iparraldeko tokiko moneta delakoa. Xebax Christyk "moneta alternatiboa eta euroaren osagarri" denaz egingo du berba, Olaranen, 18:30ean.

Gaztainondoa landatu 

Aiherran egindako moduan, Antzuolan ere zuhaitza landatuko dute 30. urteurrena ospatzeko: Aiherratik ekarriko duten gaztainondoa alegia.

Udal ordezkariek hitzarmena berretsi ostean, Aiherrako Beltzuntze elkarteari omenaldia egingo diote: Antzuolako bandera emango diote, eurak izan zirelako senidetzearen bultzatzaileetako batzuk. Ostean, gaztain-erre dastatzea egingo dute.

Gaubeila 

Antzuolako ospakizunak bukatzeko Gaubeila egingo dute, 19:00etan. Aiherran egiten den ekitaldi garrantzitsua da. Urtero azaroaren 10ean egiten dute, baina aurten, Antzuolara egingo duten bisita aprobetxatuko dute, eta lehen aldia izango da Aiherratik kanpo egingo dutena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak