Gipuzkoako PNV-EAJ: "Larraitz Ugartek egia esan beharko luke Deskargako obran izaten ari diren gertaera larrien inguruan"

Imanol Gallego 2014ko abu. 15a, 19:41

Jeltzaleen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ez ditu ezagutu izan nahi edo ikertu GI-632 errepideko obretan, Deskargako gainean, egiten ari diren obrei lotutako salaketak. Larraitz Ugarte diputatuari eskatu diote Deskargako obretan gardentasun osoz, zer ari den gertatzen azaltzeko. Horrez gain, EAJ-PNVko batzarkide taldeak Diputatuaren urjentziazko agerraldia eskatu du. Jarraian EAJ alderdiak kaleratutako prentsa oharra osorik.

"EAJ-PNVren batzarkide taldeak, Mugikortasun eta Errepide Azpiegitura foru Diputatu Larraitz Ugarteri exijitu dio "behin eta behingoz" azaltzeko, "xehetasun eta datu guztiekin, gardentasun osoz, zer ari den gertatzen benetan Deskargako obretan" uda honetan, eta dei egin dio "arduraz" joka dezan "oso larriak diren gertaera eta salaketen aurrean".

Jeltzaleen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo plazaratutako komunikatuak argi eta garbi uzten du foru Diputatuak ez zituela "ezagutu izan nahi edo ikertu" GI-632 errepideko obretan, Deskargako gainean, egiten ari diren obrei lotutako salaketak. Bertan kamioi bat irauli egin zen, eta ezponda bat amildu egin zen, hondeamakina bat lurperatu ondorio larriak eraginez langile bati.

"Orain -azpimarratu dute-,  agerian gelditzen da ELA sindikatuak eta gure batzarkide taldeak uztaila erdialdean iragarri zutena egia zela. Obra honetan gertatutakoarekiko duten interes faltak, eta informazio ezak, erakutsi egiten dute beste behin ere Larraitz Ugarteren benetako kezka gertatzen ari dena estali eta ezkutatzea dela, eta ez egia kontatu eta aurrerantzean halakorik errepikatu ez daitezen neurriak hartzea". Adierazi dute aurretik ere Foru Aldundiak, eta "bere departamenduak, zehatz-mehatz", Lan Ikuskaritzan jaso diren salaketen inguruko argibideak emateko eskaera jaso izan dutela, "aipatutako obran ari diren langilei aplikatu beharreko baldintza soziolaboralak ezartzen dituen hitzarmena bete ez dela-eta".

Hala, EAJ-PNVko batzarkide taldeak Diputatuaren urjentziazko agerraldia eskatu du, honek Batzar Nagusietan talde guztiei azaltzeko informazio guztia, sindikatuekin eta enpresekin jarraipen batzordean izan diren komunikazioen dokumentazioa, jaso diren salaketak, obraren exekuzioan izan diren irregulartasunak, etabar. Ildo horretan, Diputatuari exijitu dio bere erantzukizuna onartzeko. "Gustatu ala ez, Foru Aldundia da obra esleitzen duena, eta bere betebeharra da halako gertaera larriak errepika ez daitezen beharrezkoak diren gainbegiratze, kontrol eta bestelako lan guztiak egitea".

Jeltzaleen ustetan, halaber, Diputatuak erantzuna eman beharko lieke bere agerraldian langileen ordezkariei. Izan ere, horien esanetan, harreman zuzena dago Deskargan ematen ari den lan-istripu kopuru altuaren, eta esleipen prezioaren artean, hartu beharreko segurtasun neurrietan eragin argia izan omen duena. Eta horren ardura Foru Aldundiari egotzi diote. "Amildegia dago ezker abertzaleak pankarta atzetik oihukatzen duenaren, eta patronal lanak dagozkionean egiten duenaren artean".

Azkenik, nabarmendu egin dute denbora arrazoia ematen ari zaiela, "esan genuenean desgobernua, zorroztasun eta gardentasun falta zirela Larraitz Ugartek zuzentzen duen departamentuaren ezaugarri nagusiak. Obra bakarra dago martxan, Deskargakoa, eta bertan ikertu nahi izan ez diren gertaera larriak izan ez dira. Lurraldeko errepideen egoerak okerrera egin du nabarmen, kontserbaziorako egitasmo seriorik ez dagoelako, eta Ugartek ez duelako gaitasunik agertu Gipuzkoan errepide sare moderno bat finkatzeko mantenimendurako eta finantzaziorako politika bat adosteko. Adibide argiak dira, erakusten dutenak Larraitz Ugarte gehiago egon dela prentsarentzat bere porrota ezkutatzeko titularrak bilatzen, benetako kudeaketa lanetan baino".".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak