Iñaki Agirre: "Futbolak urte hauetan eman didan handiena lagunak dira"

Maider Arregi 2014ko uzt. 25a, 11:22

Iñaki Agirrek hamar urteren ostean, Antzuolako taldeari agur esan dio 28 urterekin: "Pena eman dit baina urratsa eman beharra dago". Taldea goian utzita eta helburua beteta doa kapitain ohia: "Orain dela lau urte futbola utzi gura nuen, baina, klubak eskatuta jarraitu dut. Izan ere, beheko kategorietatik ez zetorren jokalaririk. Horregatik, jarraitzea erabaki nuen. Baina, iaz igo ostean erabakia hartua nuen: aurten azkena izango zen". 

Infantiletatik jubeniletara bitartean Urolan aritu zen Iñaki Agirre. "Antzuolan ez zegoen talderik eta horregatik joan nintzen Urolara. Jubeniletatik berriro Antzuolara etorri nintzen lagunekin batera aritzeko". Futbolak asko eman diola dio. "Futbolak eman didan handiena lagunak dira. Zaila da errotik moztea futbolarekin dudan harremana, eta horregatik, tarteka entrenatzera ere joango naiz Eztalara", gaineratu du.

Baja garrantzitsuak

Baina, Agirre ez da taldea utzi duen jokalari bakarra. Josu Zubikarai eta Josu Asensio beteranoek ere agur esan diote taldeari. Aipatu ere, Jon Iturbek Beasainen jokatuko duela aurrerantzean. "Atezain gaztea da Iturbe eta aukerak ditu. 22 urte ditu eta ea han ikasteko aukera daukan".
Antzuolarendako baja garrantzitsuak diren arren, taldea ondo ikusten du Agirrek datorren denboraldiari begira.

Murua eta Garinen aginduetara

Jon Muruak eta Ekain Garinek hartuko dute Antzuolaren gidaritza aurrerantzean. Ilusioz eta gogotsu daude arrasatearrak. Jokalariak oso gustura daude eta harrera bikaina egin die bi entrenatzaileei. "Dagoeneko entrenamenduak egin dituzte Murua eta Garinekin. Herriko jaien aurretik egin zuten lehena. Ziur nago ondo egingo dituztela lanak".

Bai Murua eta baita Garin ere, eskarmentudun jokalariak dira. Gainera, Mondran entrenamendu saio dezente egindakoak dira biak. Oraindik fitxaketak zabalik daudela dio Agirrek. "Urtea luzea egiten da eta jokalari beharra dago; oraindik ez dago taldea osatua; kapitaina zein izango den ere ez dago erabakita", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak