Azaroan hasi gura ditu Udalak Zupideko biribilgunea egiteko lanak. Herriak azken 25 urtetan eskatu eta desiratu duen nahia da. Aurten, Diputazioarekin lortutako adostasunari esker posible izango dela azpimarratu zuen Ima Beristain alkateak martitzeneko osoko bilkuran: "Hiru urte daramatzagu lanean eta aurten lortu dugu adostasuna Aldundiarekin. Hala, Zupide baserriko lurrak eskuratuko ditugu. Urte bukaerarako egitea posible izango dela uste dugu".
Valen Moñux Hirigintza teknikariak dio biribilgunea txikiagoa izango dela: "Aurreikusitako lehenengo obra oso garestia zen eta oraingoa karril bakarrekoa izango da. Hainbat irtenbide aztertuta, proiektua ondo egokitzea erabaki da. Karril bakarra izatea nahikoa dela aztertu da; beraz, biribilguneak 27 metro diametro izango ditu".
Bergarako noranzkoan datorrenak Antzuolan sartzeko errepidea zeharkatu behar du. "Egun biribilgunea da irtenbiderik onena. Hiru sarrera ditugu herrian eta biribilgune bat ere ez. Ezinbestekoa da Zupidekoa egitea. Autobusendako sarrera egokia da eta herrian ere ez lirateke sartuko. Herriko trafikoa asko hobetuko da; izan ere, aurrera begira trafikoan aldaketak egiteko aukera eskaintzen du".
Diru-laguntza itzuli beharra
1998an, Olaran berritzeko Europako diru-laguntza jaso zen: 174 mila euro inguru. 2006an, ordea, Europatik etorritako ikuskaritza batek atzera bota zuen laguntza zenbait baldintza ez zirelako betetzen. Orain, hamaika urteren ostean, kopuru hori itzuli beharra dauka Udalak derrigor. "Soberakina daukagu zintzilik zegoen ordainketa hori egiteko. Behartuta gaude eta epe laburrean egin behar da gainera". Horregatik, urgentziazko kreditu aldaketa onartu zen osoko bilkuran.