Titin III eta Rezustaren erakustaldia Antzuolan

Maialen Torres 2014ko uzt. 19a, 10:56

Frontoia bete jende izan zen atzo bi partiduetan pilotariek eskainitako ikuskizunaz gozatzen. Jende ugari gerturatu zen, batetik, Mendizabal III aurrelari antzuolarrari babesa ematera, eta bestetik, bailaran Titinen jokoa ikusteko azken aukera aprobetxatzera. Zaleek festa kutsua ekarri zuten frontoiko girora eta oihuz eta kantaz animatu zituzten pilotariak.

Titin III – Rezusta / Mendizabal III – Zabaleta (22-10)

Partidu nagusian, Titinek eta Rezustak Mendizabal III eta Zabaleta izan zituzten aurkari, eta lehen tantotik, indartsu hasi ziren gorriak. Hortik aurrera partiduaren erritmoa bizi bizia izan zen. Mendizabalek zaleen babesa bere alde izan zuen, baina ez zen nahikoa izan bikote gorria garaitzeko. Izan ere, Titin eta Rezustak hamabi tantoko aldearekin irabazi zuten atzoko norgehiagoka, eta partiduan zehar hamahiru tantoko abantaila ere izan zuten.

Rezusta izan zen nagusi atzeko koadroetan, eta Zabaletak ez zuen asmatu. Izan ere, atzelari urdinak huts asko egin zituen, eta hamaika tanto galdu. Aurreko koadroetan ere gorriak izan ziren nagusi, Titinek bere abilezia erakutsi baitzuen, jokoan sortutako aukera guztiak aprobetxatuz eta pilota txokoan zehaztasun handiz utzita. Argi erakutsi zuen, erretiratzear egonda ere, izugarrizko maila duela oraindik.

Partiduaren bigarren zatian urdinak jokora itzuli ziren, baina beranduegi zen dagoeneko, gorriek beren jokoa egiten jarraitu eta erraz iritsi baitziren 22ra, aurkariak hamar tantoan utzita.

[ARGAZKIAK]

Lasa – Urruzola / Jaka – Tolosa (22-19)

Lau pilotariek maila ona erakutsi zuten, eta, horregatik, norgehiagoka oso estua izan zen jokoan. Partidu osoan zehar parekatuta ibili ziren bi bikoteak, baina azkenean gorrientzat izan zen garaipena, eta urdinak hemeretzi tantoraino iritsi ziren.

Urruzolak eta Tolosak lan asko egin zuten atzeko koadroetan, baina aipatzekoa da Urruzolaren erakustaldia, besteak beste, bi pilotakada errebotera bidali baitzituen. Aurrelariek ere jakin zuten jokoak emandako aukerak aprobetxatzen, eta Lasak min handia egin zuen ezker gantxoarekin partiduaren amaieran.

[ARGAZKIAK]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak